Gaur hasiko dira erakusleihoak ikusten Gabonetako lehiaketarako

Iure Eizagirre 2013ko abe. 9a, 10:54

Gabonak heltzearekin batera, kontsumoa bultzatu eta jendea alaitzeko asmotan, urtero apaintzen dira kaleak nahiz merkataritza-establezimenduak. Askotan, baina, ingurukoen gozagarri izatea baino haragoko saria jaso daiteke, eta horretarako antolatzen dira Gabonetako erakusleiho lehiaketak.

Duela aste batzuk argitaratu ziren aurtengo lehiaketaren oinarriak, merkatariek behar adina denbora izan zezaten euren lokalak apaintzeko. Gaur zuten epemuga merkatariek, gaurtik 2014ko urtarrilaren 7ra bitartean bisitatuko baitituzte erakusleihoak. Herriko merkataritza-establezimenduetako erakusleiho guztietatik pasako dira eta ez da beharrezkoa izan aurrez izena ematea.

Saltokiko produktuak

Oinarriak jartzeko garaian, garrantzitsutzat jo zuten merkataritza-establezimenduek dendan saltzen diren ohiko produktuak jartzea erakusleihoetan.

Horrekin batera, "erakusleihoak apaintzeko gorosti, goroldio, erratz eta izei naturala ez erabiltzeko" eskaria jasotzen da oinarrietan. Hala ere, lore haztegi edo loradendetan eskuratutakoak erabiltzea ahalbidetu zuten antolatzaileek.

Erakusleiho onenen sariak emateko garaian, kontuan hartuko dute publizitate-mezuaren imajinazioa, originaltasuna eta eraginkortasuna, erakusleihoaren beraren kalitatearekin batera.

Hiru sari

Kultura Batzordeko, Bedelkar Bergarako merkatarien elkarteko eta Beart Bergarako arte elkarteko kideek osatuko dute 2013ko Gabonetako Erakusleiho lehiaketako epaimahaia. Hiru sari egongo dira: erakusleiho onenak 250 euro jasoko ditu, bigarrenak 200 euro eta hirugarrenak, berriz, 150 euro. Sariak ez dira dirutan emango, lehiaketaren helburua kontsumoa izanik, Bergarako komertzioetan gastatzeko txartelak banatuko dizkiete irabazleei. Era berean, epaimahaiak "egoki deritzon sariak hutsik uzteko aukera izango du".

Lehiaketak iraun bitartean, urtarrilaren 7a arte, erakusleihoak argiztatuta izateko eskaria egin dute, dendak ixteko ordura arte lanegunetan eta 09:00ak arte jaiegun eta bezperatan.

Saltokiak apaindu dituzte jada

Bergara Bizi elkartetik herriko merkatari guztiek Gabonetako apaingarri bera jartzeko deia egin dute azken asteetan. Joan den egubakoitzean jarri zituzten apaingarriak lokalen kanpoan zein barruan.

Apaingarri xumea da eta lorontzi bat du oinarrian. Hauek banatzeaz arduratzen direnek azaldu dutenez, 236 apaingarri eskatu dira. Beste hainbat soberan geratu dira, beraz, oraindik ere eskuragarri daude. Ahalik eta azkarren eskatu behar dira. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak