Larraitz Madinabeitia: "Sentsibilitate ezberdinetako jendearen gunea sortu nahi dugu"

Iure Eizagirre 2013ko abe. 9a, 16:00

Herritarrek erabakitzeko eskubidea izatea aldarrikatzeko Gure Esku Dago taldeak sortzen ari dira herrietan. Bergaran ere eratu dute eta Larraitz Madinabeitia bertako kide da. Joan den astean egin zuten lehen bilera.

Zenbat pertsona batu zineten?

Gazta Zati bat dokumentalak sortutako baikortasunarekin, hiru lagun elkartu ginen taldea sortzeko asmotan. Taldearen izaera heterogeneoa bermatzeko, zerrenda bat osatu eta zuzenean jo dugu jendearengana, telefonoz zein kontaktu zuzenaren bidez. Oso harrera ona izan dugu, eta lehen bileran 10 lagun elkartu ginen. Baiezko gehiago jaso ditugu, datozen bileretara hurbiltzeko prest azaldu direnak.

Zertaz aritu zineten?

Gure Esku Dago dinamikaren aurkezpen orokorra egin genuen, eta jarraian, Bergaran nola landu daitekeen hausnartu. Ahalik eta herritar gehiagorengana nola heldu pentsatzen aritu ginen, sare sendo bat osatu eta taldeari indarra emateko.

Nolako taldea osatu nahi duzue?

Helburu garrantzitsuenetariko bat sentsibilitate desberdineko jendea batzea da, hau da, elkargune bat sortzea. Horregatik, taldearen izaera ahalik eta heterogeneoena izatea nahi dugu, adina, gustuak, izaera eta batez ere, ideologia politikoari dagokionez. Talde guztiz irekia dela bermatu eta erakutsi nahi dugu egindako ekintza bakoitzean.

Aldi berean, kultura, kirola eta alor desberdinetako jendea batzea polita litzateke, antolatuko diren ekintzen aberastasuna bermatzeko.

Zein helburu du taldeak?

2014ko ekainaren 8an egingo den giza-katera joateko herritarrak animatu eta berotzeko, eta aldi berean aldarrikatzen den mezua zabaldu eta herritarrak sentsibilizatzeko, ekintza desberdinak antolatu nahiko genituzke. Polita litzake, ekintza hauek, herritar guztientzako erakargarriak eta originalak izatea.

Giza-katea litzateke helburu garrantzitsuena. Gainera, datorren urtean Pentekoste jaietako igandea izanik, egun berezia izan daiteke herritarrentzat. Festa giroa baliatuz, ekimen polita izan daiteke giza-katearena.

Nola egin daiteke taldeko kide?

Gurekin harremanetan jarri daiteke honako helbidearen bidez: bergarakogureeskudago@gmail.com. Edo bestela, hurrengo bilera eguna bihar, arratsaldeko 19.30tan Bergarako Irizar Jauregian izango da. Inongo konpromisorik gabe, taldearen nondik norakoak ezagutu nahi dituen edozeinentzako bilera irekia izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak