Maren Belastegi: "Herriz herri euskararen arnasguneak hedatuz landu behar dugu etorkizuna"

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Bergarako Udaleko Euskara, Gazteria eta Hezkuntza zinegotzi Maren Belastegik idatzia plazaratu du 'Arnasguneak hedatuz, etorkizuna landu' izenburupean. Albiste barruan, irakurgai.

Arnasguneak hedatuz, etorkizuna landu:

"Abenduaren 3a, euskararen eguna. Aurten ere, euskararen egunean izango da tarterik ospakizunetarako, hausnarketarako edota aldarrikapenerako. Eta, horretarako, ekitaldi ugari eta askotarikoak antolatuko dira Euskal Herriko luze-zabalean.

Lehenik eta behin, euskararen egunak ospatzeko egun bat izan behar duelakoan gaude. Izan ere, euskara maite dugunok badugu zer ospatu 2013ko abenduaren 3an. Euskara bizirik da, baditu hiztunak, eta etorkizuneko ateak zabalik ditu oraindik ere. Baldintzarik gogorrenetan ere, aurrera egin du euskarak, eta horrek etorkizunarekin baikor izateko arrazoiak ematen dizkigu.

Geroa euskaraz eraikitzeko, ordea, garrantzitsua da zertan ginen jabetu eta egun zein egoera daukagun ikustea. Eta, gaur egun daukagun egoerari erreparatzen badiogu, zonaldearen arabera, oso egoera soziolinguistiko ezberdin eta kontrajarriak dauzkagula ohartuko gara. Oraindik ere, arrotz dabil euskara bere herriko hainbat eremutan, aitortza ofizialik gabe eta lege babesik gabe. Aldiz, nagusi da gure herriko beste hainbat eremutan.

Horregatik, tokiko errealitatetik abiatutako aurrerapausoak bultzatu behar ditugu. Herriz herri euskararen arnasguneak hedatuz landu behar dugu etorkizuna. Gure udalerria euskararen arnasgunea da, zorionez; beraz, lehenik eta behin ezinbestekoa zaigu dagokigun aitortza ofiziala aldarrikatzea. Horrekin batera, gune hauen erabateko normalizaziorako beharrezko ditugun hizkuntza politika ausartak garatzeko baliabideak exijitzea dagokigu, legea bera ere beharren neurrira egokituz.

Udalerri euskaldunetan biztanleen %70ek baino gehiagok daki euskaraz, eta oro har, euskaraz bizi gara bertako herritarrok. Udalerri euskaldunek euskararen arnasgunerik zabalena osatzen dute. Eta hizkuntza batek, biziko bada, nagusi izango den eremuak behar dituenez ezinbestean, udalerriok funtzio garrantzitsua dute euskararen geroan.

Horregatik, garrantzitsua da udalerri euskaldunetako administrazioak, batetik, gaiari beharrezkoa zaion garrantzia ematea; eta herritarrok, bestetik, euskararen geroan jada jokatzen dugun paperaz jabetu eta euskararen inguruan sentsibilizatzea. Gure herriak erreferentziazkoak dira euskarari dagokionez, eta ondorioz, baita bertako herritarrak ere. Gune hauetan egiten diren hizkuntza politikak eta norbanakook egunerokoan ditugun hizkuntz ohiturek, jarrerek eta joerek eragin zuzena dute euskararengan.

Gure herritik abiatuta, herritar soilen inplikazioaz, elkarte eta eragileekin bat eginez eta instituzio publikoen laguntzaz pauso sendoak eman ditzakegu euskararen arnasguneak zabaltzeko. Bergaratik inguruko herrietara, Bergaratik Euskal Herrira. 

Bergarako Udalak, 2013ko abenduaren 3an, euskararen egunean, honako adierazpen hau plazaratu nahi du:

  • Bergaran euskara nagusi denez, hizkuntza politika ausart eta aurrerakoiak garatzeko baldintzak daude. Udalerri euskaldunok lege babesa eta baliabideak behar ditugu aurrerapauso sendoak eman ahal izateko.
  • Udalerri euskaldunek euskararen arnasgunerik zabalena osatzen dute. Eta, beraz, ezinbestekoa da Bergara bezalako udalerriek euskararen geroan jokatzen duten paper garrantzitsua aitortzea.
  • Gure herria euskarari dagokionez erreferentziazko udalerria dela jakinda, konpromisoa hartzen dugu Bergara garapen sozioekonomiko eta soziokulturalak zein bestelako proiektuek sor dezaketen eragin soziolinguistikoa kontuan hartzeko.
  • Euskararen aurkako erasoekin amaitu behar da. Hainbat udalek onartutako hizkuntz irizpideen aurka jarritako helegiteek, esaterako, kalte nabarmena egiten diote euskararen normalizazioari.
  • Bergarako Udalak, herriko eragile eta norbanakoekin elkarlanean, euskararen aldeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.