Jon Rivero: "Kirol honetaz eta ematen didan guztiaz disfrutatzea da nire nahia"

Ane Miren Etxeberria 2013ko abe. 3a, 01:00

Jon Rivero, 21 urteko gazte txirrindulari bergararra, denboraldi bikaina egiten ari da ziklo-krosean. Nahiz eta aurreko asteburuan erorketa izan eta min hartu ukolondoan, aurretik parte hartu duen lasterketetan lehenengo postuetan geratu da. Jarduera Fisiko eta Kirol Zientzien gradua egiten ari da Gasteizen.

Kantabriako lasteketan jausi eta min hartu zenuen; ondo zaude?

Bai, larunbatean erorketa izan nuen eta ukalondoan min hartu nuen. Oraindik nahiko minduta eduki arren, poliki-poliki hobetzen doa. Medikuak astebete geldi egoteko esan zidan, baina hori gure kirolean ezinezkoa da, sasoi puntua galtzen baita, eta mina eduki arren egunero arrabolean entrenatzen naiz, bertan ukalondoak errepidean baino gutxiago sufritzen du eta. 

Nolatan aukeratu zenuen txirrindularitza eta ez beste kirol bat?

Txikitatik gustuko nuen bizikleta eta txirrindularitza, eta Bergaran lasterketak zeudenean, ahal baldin banuen, behintzat, ikustera joaten nintzen. Esan beharra daukat kirol hau oso gustukoa izan arren, mundu honetan sartzea, lehiatzen hastea, nire lagunei esker izan zela, nire inguruko lagun asko ere Lokatzan apuntatu baitziren.

Errepidean zein ziklo-krosean lehiatzen zara, zein nahiago? 

Biak ditut oso gustuko. Azken urteetan ziklo-krosa errepideko denboraldirako denboraldi-aurre moduan erabili dut, baina aurten beste urte batzuetan baino gehiago prestatzen ari naiz; ea emaitza onak lortzen ditudan.

Zein da trukua ziklo-krosean ondo aritzeko? 

Ziklo-krosean ondo aritzeko gauza garrantzitsuena, prestakuntza egokia izateaz aparte, ondo ibiltzeko gogoa izatea da. Kirol hau oso gogorra da, bai egin beharreko esfortzuarengatik, eta baita asko eragiten duen beste faktore batengatik, faktore klimatologikoengatik. Denboraldi osoa neguan egiten da eta eguraldi kaxkarrarekin entrenatzea eta lehiatzea tokatzen zaigu. Teknika ere oso garrantzitsua eta beharrezkoa dela uste dut.

Bi urte daramatzazu ziklo-krosean; esperientzia handiagoa, beraz... 

Bueno, bai, kirol honetan egunero zer edo zer ikasten da, aurrerantzean ondo etorriko dena; eta beste urte batzuetan ziklo-krosak egin izanak batek daukan esperientzia handiagoa izatea eragiten du.

Debabarrena taldean lehiatzen zara; zer moduz zaude? 

Bai, 23 urte azpikoen mailara pasa nintzenean Debabarrena taldean aukera eman zidaten, eta bertan jarraitzen dut, aurten laugarren urtez. Urteak aurrera joan ahala geroz eta gusturago nago talde honetan, bai taldekideekin eta baita entrenatzaile eta zuzendariekin ere, gure artean daukagun talde giroa oso ona da benetan.

23 urte azpikoen mailan zabiltza; gazte harrobi ona dagoela esan daiteke?

Bai, gazteak oso indartsu datoz. Jendea geroz eta hobeto prestatuta dago eta profesionaletara pasatzeko bideak oso argi ez egon arren, ilusioa ez da galtzen eta horrek tropelean maila oso ona egotea ekartzen du.

Geroz eta zaletasun handiagoa dagoela uste duzu ala moda kontua da txirrindularitzarena? 

Nire iritziz, geroz eta zaletasun handiagoa dago. Agian, azken hilabeteetan Euskal Herrian gertatzen ari dena, Euskaltel taldearen desagertzeak, Euskadi taldea kilikolo egoteak… eragina eduki dezake, negatiboki, zaletasunean. Bi talde hauek ilusio eta poztasun handiak eman dizkigute eta talde hauek tropelean ez egoteko arriskuak ondorio negatiboak ekar ditzake. Hala ere , entrenatzera irteten naizenean geroz eta jende gehiago ikusten dut errepidean kirol honetaz gozatzen, eta hori poztekoa da.

Zein da zure helburu nagusia? Profesionala izatea? 

Oraingoz, nire helburua kirol honetaz eta kirol honek ematen didan gauza guztietaz disfrutatzea da. Kirol honekin asko ikasi dut eta gauza pila eman dizkit. Etorkizunean, profesional izateko maila ematen badut, eta aukera edukiz gero, gustura hartuko nuke bide hori eta ahal dudan guztia egingo nuke.

Duela hiru aste txapeldun Ametzagan, aurretik bigarren postua Arbulun... pozik? 

Bai, pozik nago orain arte ateratako emaitzekin, horrek orain arte egindako lana ondo egina dagoela adierazten baitu. Hasieran erritmo falta nahiko handia neukan, baina, poliki-poliki, hobetzen joan naiz. Arbulun izan nuen garaipena lortzeko lehen aukera garbia, baina ezin izan nuen lortu azken itzulian matxura bat izan bainuen bizikletan. Ametzagan, aldiz, dena ondo irten zen eta saria etxera ekartzea lortu nuen. Pozik nago, bai. 

Ziklo-krosean lokatza gustuko duzu ala nahiago zirkuitu garbia?

Momentuan dudan gorputzaldiaren arabera bata edo bestea. Bat aukeratzekotan, lokatz handiko zirkuituak aukeratuko nituzke, bertan nire ustez hobeto ibiltzen naizelako eta gogorragoak izan arren dibertigarriagoak iruditzen zaizkidalako. 

Zein da gehien atsegin duzun zirkuitua?

Zirkuitu asko ditut gustuko, zirkuitu askotan oroitzapen onak baititut. Baten bat aipatzeagatik, Igorreko zirkuitua esango nuke, oso ikusgarria da eta orain arte oso zirkuitu garrantzitsua izan da; izan ere, bertan Munduko Kopa lehiatzen zen. Legazpikoa eta Oñatikoa ere gustuko ditut, oroitzapen oso onak baitauzkat bertan lehiatutako lasterketak direla eta...

Eta zein da zure txirrindulari gustukoena?

Astana taldeko Vincenzo Nibali txirrindularia asko gustatzen zait, baita Movistar taldeko Beñat Intxausti euskalduna ere, biak eskalatzaileak dira.

Txirrindularitzaz gain, baduzu beste zaletasunik?

Txirrindularitzaz gain, lagunekin egotea asko gustatzen zait, eurekin oso ondo pasatzeaz gain,  deskonektatzea lortzen dut, eta hori oso garrantzitsua da niretzat.  Musika ere asko gustatzen zaidan beste kontu bat da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak