Taldeak aurreko diskoko oinarri bera dauka, haiek dira, dudarik gabe, baina haien izaeraren zantzurik galdu gabe, pauso bat harago joan dira. Ahotsak eta melodiak konplexuagoak dira. Interbalo txikiagotan dabiltza melodiak; moldaketak atmosferikogoak dira eta, oro har, bikotea indie-folk soinurantz gerturatzen hasia dela nabari da.
Kontzeptu aldetik ere eboluzioa dago. Diskoa zortzi kantuk osatzen dute, eta 30 minutu ingurukoa da; motza, baina bortitza da.
Azken lan honetan, Narbaiza eta Muxika jatorrizko taldekideen gitarrez gain, instrumentu gehiago erabili dituzte. Felix Buff, Ibai Gogortza eta Iban Urizar elgoibartarra izan dira, besteak beste, joste lan horretako arduradunak.