"Zer behar duzu?… Guk badaukagu"

Ubane Madera 2013ko aza. 29a, 01:00

"Momenturo egokitu gara merkatuaren exijentzietara; ahalegindu gara beti bezeroak ondo zaintzen eta zerbitzu ona ematen, eta Unife kooperatiba oso garrantzitsua da gure ibilbidean". 

Laburbilduz, lau gako horiek dira Bergarako Mugica Burdindegiaren 100 urteko ibilbide oparoaren arrazoiak. Halakoetan ez da egoten-eta trikimailu magikorik, ondo egindako lana baino. 

Horren adierazle da saltokian dituzten kalitate ziurtagiriak eta baita Iñaki Muxika laugarren belaunaldiko semearen eta negozioaren oinordekoaren jardunbidea. "Burdindegiko saltzaile egin egiten da, ez da jaiotzen", aitortu du hark. "Hala ere, jarrera ere izan behar da", gaineratu du Irene Umerezek, Iñakiren amak. "Orain 12 urte lanean hasi nintzenean, aitak fabrikaz fabrika bidali ninduen, zerra-orriak saltzera, bezero berriak egiteko. Bezero asko egin nituen, eta 12 urteren ostean niri deitzen didate harremanetarako, aholku eske…Bidea egin egin behar izan nuen, bai, baina orain asko dakit eta oso eskertuta nago nigan konfiantza hori dutelako", dio Iñakik. Irene ama ez dabil oker, beraz.  

Preserbatiboak, diabetesa…

100 urteko bide luze horretan denetik ikusi eta bizi izan dute muxikatarrek. "Preserbatibo bila etorri izan zaizkigu. Beste behin, batek nahi izan zuen neronek egitea diabetesaren proba eta odol ateratzea. Nahikotxo haserretu zen ezezkoa eman nionean… Jendeak uste du burdindegia garelako denetik saldu behar dugula", kontatu dute. Eta egia esan, zaila izango da bertan zerbait eskatu eta ez aurkitzerik, saltokiaz aparte bi biltegi ere badituztelako. Gainera, Unife kooperatibako sortzaile eta kide ere badira:  "Ehun bazkide pasa gara hor. Oiartzunen dago. 8.000 m2-ko biltegia da, eta bazkideon artean produktuak erosten ditugu, azalera handiko saltokiekin-eta lehiatzeko. Horri esker, orain, Gabonetan, eskaintza bereziak egiten ditugu produktu aktualekin eta oso prezio lehiakorrekin", kontatu du Iñaki Muxikak.

Barrenkalean hasi zuen ibilbidea burdindegiak. "Emilio Muxikak zabaldu zuen, Hipolito eta Luis semeekin. Gero, Bidekurtzetako etxe oso hau erosi, eta behean denda jarri zuten. Biltegia dugun tokian lehen Casino Republicano zegoen", kontatu du berari kontatutakotik Irenek. Hark gogoan du, baita ere, jostailuak, Riotintoren kartutxoak…saltzen zituztela. Izan ere, mertzeria izandakoa ere bada burdindegia. 

Ugazabez gainera, Kristina Pozo eta Xabat Otxotorena langileek ondo asko ezagutzen dute Bergarako Mugica Burdindegia: "Hemen ez gara batere aspertzen", diote, barrez. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak