Herriko zenbait idazle batu ditu Mokolo Asteak

Iure Eizagirre 2013ko aza. 28a, 11:00

Azken urte eta erdian liburu bana argitaratu duten lau herritar batu zituen atzo Mokolo Asteak Irizar Jauregian. Han izan ziren Maite Toledo, Martin Arriaran, Jon Suinaga eta Aittor Arantzabal herritarren aurrean euren lanak azaltzeko.

Musika doinu lasaiekin Hemen liburuko poemak irakurriz eman zion hasiera atzoko aurkezpenari Maite Toledo antzuolarrak. Bere azken liburuaren jatorria non dagoen azaldu zuen, beranduago Martin Arriaranek egin zuen moduan. Xakea du jatorri azken horren Tributo a Caissa liburuak.

Atzoko hitzaldian xakearen bidez lagun egin zuen Jon Suinaga izan zuen ondoan. Duela hilabete eskas aurkeztutako Allende los mares liburua aurkeztu zuen honek, XV. mendean dago kokatuta, euskaldunak oraindik baleak arrantzatzera joaten zireneko garaian kokatutako istorioa.

Aittor Arantzabal izan zen lauen artean hitza hartzen azkena, Angiolillo lana aurkezteko. Espetxean zegoela idatzi zuen Michele Angiolillo anarkistaren inguruko lana eta udaberrian kaleratu zuen auzolanean.

Eztabaida ezberdinak

Auzolanaren ildotik, liburu bat ekoiztearen kostuak eta irakurleentzako salmenta-prezioa izan zituzten berbetarako gai. Idazleetako batzuen ustean, gehiegi puzten da prezioa.

Duela aste batzuk Berria egunkarian argitaratutako artikulu baten harira, bailarako nahiz herriko idazleen errepasoa egin zuten. Hasieran kosta bazen ere, izenak bata bestearen atzetik botata, literaturan zeresana duen jende ugari dagoela ondorioztatu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak