Hondakinen gaia izan zen atzoko osoko bilkurako protagonista

Imanol Gallego 2013ko aza. 26a, 14:34

Beste behin atzoko Bergarako osoko bilkuran hondakinak izan ziren protagonista. Lehen puntutik hasita, EAJ eta gobernu taldearen artean zenbait puntutan hondakinen bilketak eztabaida sortu zuen.

Aurreko aktaren onarpenarekin hasi ziren tirabirak. EAJk aurreko osokoa utzi ostean, "eurez hitz egin izana eta gezurrak esan izana", egotzi zion gobernu taldeari. Bilduko zinegotzi Lauri Askargortak bere hitzak zuzendu eta gainontzeko gaiekin aurrera egiteko asmoa erakutsi zuen gobernu taldeak.

Gai zerrendan zeuden hondakin bilketari buruzko gainontzeko puntuetan ere, eztabaida sortu zen. Udaletxeak Artekale 27-29 atarien artean dagoen lokala erostea onartu zuen Bildu eta Aralarren botoekin. EAJk bere aldetik, proiektua zalantzan jarri zuen: "Diru kontuez kezkatuta egoteaz gain, ez dugu uste, lokal hori zabor bilketarako aproposa denik".

Bukatzeko EAJk hondakin bilketari buruzko mozio propioa aurkeztu zuen. Bertan, gobernu taldeari erabakiak "unilateralki" hartu izana egotzi zion. Alkateak bere aldetik, "askotan eztabaidatutako gai bat" zela esan eta Udalak Bergaran, gai honen inguruan, ez zuela galdeketarik egingo zehaztu zuen. Bozkatu ostean, mozio hau ez zen aurrera irten.

Indarkeria matxista

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna zela eta, osoko bilkurako talde guztiek adierazpen bateratu bat adostu zuten. Euskal Herriko hainbat festatan emakumeek jasandako erasoak salatzeaz gain, horiek etetea premiazko gai bat dela adierazi zuten.

Mozioan azaltzen zen moduan "mota eta intentsitate desberdineko portaera matxistak daude" eta hauek legitimatzen dituzten portaerak "onartezinak" direla zehazten zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak