Mizpirualdeko egoiliarrei lagun egitera 14 bat herritar joaten dira

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko aza. 25a, 18:39

Martin Aranak eta Elisa Garmendiak 10 urte egin dituzte zeregin horretan. Bergarako boluntarioak ez ezik, Antzuolakoak ere joaten dira Mizpirualdera astero astero.

Mizpirualde zaharren egoitzako egoiliarrei konpainia egitera joaten dira hainbat herritar, boluntario, Nagusilan elkarteak lagunduta. Elisa Garmendia eta Martin Arana dira horietako bi. Aurten, 10 urte bete dira zeregin horretan hasi zirela; Arana duela 10 urteko azaroaren 7an hasi zen, eta Garmendiak abenduaren 7an egingo ditu beste horrenbeste urte.

Konpainia

Martin Arana eta Elisa Garmendia, esaterako, eguen guztietan joaten dira Mizpirualde egoitzara. "14 bat lagun etortzen gara guztira, gutxi gorabehera. Bakoitzak ahal duenean etortzen da, baina egun jakinetan etortzen gara gehienok, gure egutegiaren barruan sartzen da astero hona egiten dugun bisita. Gehienok arratsaldetan etortzen gara baina gauetan ere etortzen da bakarren bat", dio Zubiaurrekoa den Elisa Garmendiak. "Antzuolatik ere asko etortzen dira. Martitzenetan etortzen dira haiek eta oso ondo dituzte antolatuta taldeak", jarraitu du.

Egoiliarrekin batera, kartetan jolastu, dantza, telebista ikusi, paseatu edo berriketan egiten dute Mizpirualdera boluntario doazen herritarrak. "Normalean bisita gutxi izaten dituzten egoiliarrekin egoten gara gu. Beste batzuetan, aldiz, ekintzaren bat edo beste antolatzen dutenean, laguntzeko ere eskatzen digute", zehaztu du Garmendiak. Joan den astean egindako Egoitzaren Astean, esaterako, antolatutako ekintzetan ere hartu zuten parte boluntarioek.

Kristina Buizer da Nagusilaneko arduraduna Mizpirualde egoitzan. "Taldetxo honek sekulako lana egiten du, egoiliarrek pozik hartzen dituzte euren bisitak", dio.

Jarraitzeko asmoa

Aranak eta Garmendiak, biek adierazi dute pozik dihardutela boluntario lanean eta 10 urte pasa arren, jarraitzeko asmoa dutela. "Umorea eta pazientzia behar dira", dio Garmendiak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak