Iaz 44 genero-indarkeria kasu artatu ziren Bergaran, batik bat gazteenak

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko aza. 23a, 10:21

Kasu gehienak bikotekideek edo bikotekide ohiek eragindakoak izan ziren, eta emakume gazteek jasan zituzten, bereziki; 18 eta 30 urte artekoek, zehazki. Eragindako indarkeriari dagokionez, fisikoa (%43) zein psikologikoa (%52) izan zen, batez ere, eta erasotzaileak EAEkoak izan ziren kasu gehienetan.

Astelehenean, azaroak 25, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko eguna dela-eta, Bergarako Udalak gai horren inguruan egiten ari den lanketaren berri eman du.

Genero-indarkeriaren definizio oso argia egin dute Udaletik: "Genero-indarkeria da emakumeak emakume izateagatik jasan dezakeen edozein ekintza bortitz, baldin eta ekintza horrek emakumeari kalte fisiko, sexual edo psikologikoa edo sufrimendua ekartzen badio edo ekar badiezaioke".

Bergara ez dago salbuetsita

Genero-indarkeria mundu osoan zabaldutako fenomenoa da, herrialde guztietan gertatzen da, gizarte-maila, hezkuntza-maila, etnia, arraza, kultura eta erlijio guztietan gertatzen da; Bergarak ere ez dio errealitate horri ihes egiten, Udaletik azaldu dutenez, eta, horren erakusle, 2012an gertatutako genero-indarkeria kasuen berri eman dute, betiere, Udaleko Gizarte Zerbitzuen, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren datuetan oinarrituta.

Hain justu ere, 2012an 44 genero-indarkeria kasu bideratu ziren Bergaran: hamaika, Udaleko Gizarte Zerbitzuetan; lau, Udaltzaingoan; eta 29, Ertzaintzan. Dena den, Udaletik azpimarratu dute kontuan izan behar dela Gizarte Zerbitzuetara, Udaltzaingora eta Ertzaintzara heltzen diren kasuak gutxi direla: "Kasu gehienak isilik eta bakardadean bizi izaten dira", esan dute.

Emakume gazteek bereziki

Iazko genero-indarkeria kasu gehienak bikotekideek edo bikotekide ohiek eragindakoak izan ziren, eta emakume gazteek jasan zituzten, bereziki; 18 eta 30 urte artekoek, zehazki. Eragindako indarkeriari dagokionez, berriz, fisikoa zein psikologikoa izan zen, batez ere, eta erasotzaileak EAEkoak izan ziren kasu gehienetan, ondoko taulan ikus daitekeen moduan:

Artatu den kasu kopurua:

  • Gizarte Zerbitzuetan    11
  • Udaltzaingoan    4
  • Ertzaintzan    29

Indarkeria mota (Gizarte Zerbitzuen arabera)

  • Ekonomikoa    %5
  • Psikologikoa    %52
  • Fisikoa    %43
  • Eraso sexuala    %0

Indarkeriaren jatorria (Ertzaintzaren arabera)

  • Bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindakoa    %83
  • Familia barrukoa    %7
  • Sexu-askatasunaren aurkakoa    %10

Biktimen adina

  • 18 urte baino gutxiago    %5
  • 18-30 urte    %37
  • 31-40 urte    %26
  • 41-50 urte    %21
  • 51-60 urte    %11

Erasotzailearen jatorria

  • EAEkoa    %51
  • Estatuko komunitate batekoa    %16
  • Beste herrialde batekoa    %33

Kontzientzia hartzeko bideak

Hauxe diote udal arduradunek: "Gure herria, gainontzeko herriak bezala, gizarte-arazo honen benetako dimentsioaren kontzientzia hartzen ari da". Hori dela eta, Udalak hainbat ekimen martxan jarri ditu azken urteetan, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko eta horrelako diskriminazioak gainditu eta ezabatzeko asmoz.

Esaterako, egoera horretan dauden emakumeei hainbat eratako laguntza eskaintzen zaie Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik; horrekin batera, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako sinboloa den puntu lilaren erabilera bultzatu da; eta oso garrantzitsua dena, gazteen artean gertatzen den indarkeriari aurre hartzeko eskoletan gaia lantzeko programa bultzatu da.

Beldur barik lehiaketa

Aurreko guztiari beste ekimen bat gehitu dio Udalak berriki. Hain zuzen ere, Beldur Barik programan parte hartuko du lehenengoz, azaroaren 25aren harira.

Beldur Barik Eudelek abiatutako indarkeria sexistaren aurkako programa da. Beste gauza batzuekin batera, ikus-entzunezkoen lehiaketa antolatzen dute, eta Udaleko Gazteria Sailak eta herriko zenbait gaztek ikus-entzunezkoa prestatu dute Beldur Barik lehiaketan parte hartzeko. Interesa duenak ondoko estekan ikus dezake dokumentala: http://www.youtube.com/watch?v=p30NSiNIFgY&feature=youtu.be.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak