20 urte Guinness errekorren liburuan

Ane Miren Etxeberria 2013ko aza. 24a, 01:00

Hankapalu edota trikimakoetan ibiltzeko zaletasun handia egon izan da beti Euskal Herrian, eta, nola ez, Bergaran ere bai. 90eko hamarkadan herritar ugarik jartzen zituen hankapaluak; horren adierazle, lehenengo Patraka Matraka eta ondoren Kukuma taldeen sorrera. “Urtean zehar askotan ateratzen ginen kalera hankapalu gainean, mendira ere igotzen ginen” adierazi digu Mikel Ibartzabal bergararrak. 

Hankapalu eguna ere ospatzen zuten; Larrabetzun, Lekeition eta Bergaran adibidez, egun horietaz disfrutatzeko aukera izan zuten. Halako egun batean, Aittitta txiki talde lekeitiarrak 25 orduz hankapalu gainean irauteko Guinness errekorra lortzeko nahia zuela adierazi zien Bergarako lagunei. Gogoari ezin eutsirik, dena prestatu eta 1993ko abuztuan, Andoni Arroyo, Izaro Aperribai, Iñigo Martinez eta Mikel Ibartzabalek berak, hamar bat lekeitiarrekin batera, egun oso bat, 25 ordu, hankapalutan mantentzeko balentriazko ekintza lortzeari ekin zioten.

Arratsaldean hanka luzeak jarri eta plaza batean egon ziren egun osoz. Ezin ziren inon eseri, zutik egon behar zuten momentu oro. Orduro, baina, bost minutuz gelditu eta deskantsatzeko aukera zuten. Bost minutu haietan komunera joan eta masajeak hartzeko aprobetxatzen zutela esan digu Ibartzabalek. Eguna ondo hasi omen zen, baina gaueko orduak oso luzeak egin omen zitzaizkien, ez baitzegoen ia inor kalean. “Beti egoten da gaupaseroren bat edo beste animatzen, baina momentu gogorrak izan ziren”, zioen. Nekea gorputzean eta bernak handituak zituztela, jendez lepo zegoen plazan errekorra lortu zuten hurrengo egunean eta hala ziurtatu zuten bertan izan ziren Guinness errekorreko epaileek.

Bihar, bada, egun hori gogora ekarriko dute, eta, eguerdi aldera, 10-12 bat lagunek hankapaluak jantzi eta trikitilarien laguntzaz kalejira eta poteoa egingo dute. Ondoren, bazkaria egingo dute lagun artean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak