Aurtengo Mokolo Eguna aste bilakatu dute

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko aza. 21a, 13:53

Hirugarren aldiz antolatu dute Bergaran Mokolo Eguna. Aurten, baina, egun bakar bateko egitaraua barik, bost egunetakoa antolatu dute; azaroaren 26tik 30era bitartean zer egin egongo da. Atzo aurkeztu zuten aurtengo ekimena.

"Mokoloen berezitasun bat gauzak handitasunean egitea denez, aurten handikerietan hasi eta mokolo eguna, mokolo aste bihurtu dugu".

Herri mugimenduko kideek prentsaurrekoan aditzera eman zutenez, aurreko Mokolo Egunek izandako erantzun onak eta herri eragile ezberdinek emandako babesa ikusita animatu ziren eguna aste bilakatzera. "Herriko hainbat tabernak, komertziok, elkartek eta Udalak egunarekin aurrera egiteko laguntza eman digute, eta horregatik, eskerrak eman gura dizkiegu".

Ekintza bete zaku

Hori horrela, nahiz eta azaroaren 30a izan egun handia, azaroaren 26tik, hau da, martitzenetik aurrera hasiko dira ospakizunekin, eta egunero egongo da zer egin. Madagaskarrera eginiko bidaia baten kontakizunarekin emango diote hasiera asteari. Eguaztenean, ostera, Maite Toledok, Martin Arriaranek, Aittor Arantzabalek eta Yon Suinagak, euren liburuak aurkeztuko dituzte. Eguena, bertso-triki-poteo eguna izango da. Egubakoitza, bestalde, indarrak hartzeko eguna izendatu dute, jendeari atseden hartzeko gonbita luzatuz.

Gune ezberdinak

Eta zapatua iritsita, makina bat ekintzetan murgiltzeko aukera egongo da. Gune ezberdinak atonduko dituzte aurten, gainera.

Migel Altunan, esaterako, euskararen aldeko murala egingo dute. Edo Munibe plazan artisau eta eragileez osatutako azoka egingo da, "mokoloek eginiko era guztietako produktuak egongo salduko dira". Seminarioko karpa gune itxi bilakatuko dute eta berogailuak ipiniko dituzte bazkaria egiteko. Sarrerak Arranon, Euxebion, Pol-Polen, Deportibon eta Jardunen eskuratu daitezke, 9 eurotan. Eta gauean, toki berean, kontzertuak egingo dituzte.

Goizean gainera, besteak beste, dantzariek eta batukadak kaleak animatuko dituzte. Eta bazkalostean, ostera, elektrotxaranga irtengo da kaleak animatzera. "Mokolo zein mokolo ez diren guztiak gonbidatuta daude".

Egitaraua:

Azaroak 26
19:00 Moko batek Madagaskarrera egindako bidaia baten kontakizuna. Irizar jauregian.

Azaroak 27
19:00 Mokolo idazleen liburu aurkezpena. Irizar jauregian.

Azaroak 28
19:00 Bertso-triki-poteoa herriko tabernetan.

Azaroak 29
Indarrak hartzeko eguna.

Azaroak 30
09:00 Euskararen inguruko murala sortuko dute. Migel Altuna Institutuan.
10:30-14:00 Mokolo artisau eta mokolo eragileez osatutako azoka. Munibe plazan.
14:30 Mokolo bazkaria. Seminarioko karpan. Ondoren, ezustekoak.
23:00 Skasti eta Emon taldeen emanaldia. Seminarioko karpan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak