Etxea gainean eroaten duten turistei herria erakusteko asteburua

Imanol Gallego 2013ko aza. 20a, 09:17

Behin oporrak non igarako ditugun adostu ostean, maletek sortzen dituzte buruhauste gehienak. Pisua, tamaina, toki falta... Baina, oporretara etxe osoa eroateko aukera izango bagenu? Dirudiena baino errazagoa da hau, autokarabanek dezente errazten baitute ia ezinezkoa dirudien hori.

Orain arte, toki askotan baztertuak izan diren ibilgailuak izan arren, azken urteotan, fama handia lortu dute. "Jendea kexatu egiten da, baina aparkaleku arazoak ez dituzte 32 autokabaranak sortzen, arazoak edozein herritan aurki ditzakezun 5.000 autoek sortzen dituzte", dio David Zapirain turismo teknikariak.

Edozein autok ematen dituen zerbitzuez gain, autokarabanek abantaila ugari dituzte, kontrara baina, kotxe batek baino behar gehiago dituzte: komuna hustu, ur zikinak... Herri nahiz kanpoko erabiltzaileei zerbitzu hori errazteko, Bergarako Udalak, Labegaraietako auzoan horretarako toki bat atondu zuen eta gunea hobeto ezagutarazteko hurrengo astebukaeran topaketa egingo du.

Bigarren topaketa

Aurreko urtean lehen topaketa egin zuten eta honek izandako erantzun positiboaren ostean, bigarren bat egitea erabaki zuten. Topaketa honen helburua Euskal Herriko nahiz kanpoko turistak erakartzea da. Zapirainek onartu moduan, "seinale kontuekin lan handia dugu, herrian laster jarriko ditugu, baina herritik kanpo konplexuagoa da", horregatik erabiltzaileak koordenada bidez (N 43.104823 W 2.422652) edo (N 43º 6' 17'' / W 2º 25' 22'') iristen dira Bergarako gunera.

Azaroak 29tik abenduak 1erako topaketa ez da Labegaraietara mugatuko eta gerturatzen direnek Bergarak eskaintzen duen turismo baliabideak ezagutuko dituzte. "Herria eta inguruak erakusteko egitaraua antolatu dugu", dio Zapiraniek.

Egitarauaz gain, oraindik azken ukituak ematen ari diren Bergarapass bono turistikoa aurkezteko balioko du gurpildun etxeek protagonismoa izango duten astebukaera honek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak