Kostatako garaipena Soraluze BKE taldearendako

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko aza. 16a, 23:00

Gasteizko El Pilar taldearen aurkako partiduan 33 eta 29 nagusitu ziren bergararrak.

Zapatuan Labegaraietan jokatutako norgehiagokaren lehen zatian, sei puntuko aldea ateratzera iritsi ziren Muniategiren mutilak. Hala ere, atsedenaldiak mesede egin zien gasteiztarrei. Mahoneroen ahultasunak topatu zituzten eta etxekoen defentsan buruhausteak sortzen hasi ziren. Hala, aldeak txikitu  zituzten kanpotarrek markagailuan, gol bateko edo biko aldea izateraino.

Oso ondo ezagutzen dute elkar bi taldeek eta bergararrek estutasuna sentitu zuten momentu batzuetan: kontra erasoetan ez zuten ezer lortu eta oso ondo jaisten ziren defentsara kanpotarrak. Muniategiren esanetan: "Partidu oso trabatua egin nahi izan dute eurek, oso beteranoak dira eta badakite gure puntu fuerteak zeintzuk diren. Bigarren zatia ezin izan dugu kontrolatu. Agian, gol asko sartu dizkigutela esan daiteke". Horrez gain, esan beharra dago azken aldian lesio asko izan dituztela bergararrek eta talde lehiakor bat 60 minututan ateratzea asko kostatzen zaiela. Aipatzekoa da jubenil mailako jokalari batek jokatu zuela eta maila oso ona erakutsi zuela.

Argi eta garbi zegoen nolakoa izango zen zapatuko partidua: gogorra, tentsioz beterikoa eta emaitza positiboa ateratzeko zailtasunez betea. Baina sailkapenean goranzko norabidea hartzea zuten helburu bergararrek eta bi puntuak lortuta pozik daude. Orain, sailkapeneko bigarren postuan daude eta hurrengo partidua kanpoan jokatuko dute sailkapeneko liderraren aurka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak