Mari Carmen Gallastegi: "Kooperatibismoa ez dago arriskuan, baina birplanteatzea behar duela ebidentea da"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko aza. 17a, 01:00

Bilbon bizi arren herri-min handiko pertsona da Mari Carmen Gallastegi (Bergara, 1945): "Beti sentituko dut Bergararen falta. Haurtzaroa, nerabezaroa eta gaztaroko zati bat han bizi izan nuen; erabakigarria eta ahaztezina izan zen garai hura niretako". Ibilbide eta eskarmentu handiko ekonomialaria da Gallastegi, gure ibarreko errealitatea ere ondo ezagutzen duena. Gustu handiz eta halako gai korapilatsuetan eskertzen den argitasunaz erantzun ditu gure galderak.

Hasteko, zorionak, Eusko Ikaskuntza 2013 saria jaso izanagatik. Espero al zenuen?

Inondik inora. Oso pozik jaso nuen saria, goi mailako epaimahaia da. Saria emateko orduan eman zituzten arrazoiak asko gustatu zitzaizkidan: irakaskuntzan eta ikerkuntzan egindako lana eta gure herriko erakundeen alde egindako lan eskuzabala. Asko poztu ninduen nitaz hori pentsatzen dutela jakiteak. 

Nola harrapatu zintuen Fagor Etxetresnen porrotaren albisteak?

Euskadiko gehiengoari moduan, harrituta utzi ninduen. Bagenekien Fagorrek galera garrantzitsuak zituela eta ez zuela atzerrian egindako inbertsioak errentagarri egitea lortu, baina apenas egiten zen berba horren gainean. Ez zen albiste izan komunikabideetan prozesua gauzatu zen arte. Argi dut Etxetresnetako dibisio batzuk ondo funtzionatzen ari zirela, krisiak uzten zien heinean. 

Zein da egiten duzun analisia?

Hiru ardatz nagusi nabarmenduko nituzke: lehenik eta behin, balio kooperatibistak ez direla betiko. Hau da, belaunaldi batetik bestera balio horiek transmititzeak lan handia eskatzen du eta uste dut egungo kooperatibistek ez dietela Ulgor sortu zutenen pizgarri berberei erantzuten. Ez dut uste balio-sistema berbera dutenik. Bigarrenik, Fagor fabrikak leku ezberdinetan dituen enpresa handi bat da eta hori kudeatzea ez da lan erraza. Akaso, Fagorrek egitura arinagoa eta malguagoa behar zuen erabakiak hartzen laguntzeko. 

Eta azkenik, dirurik ez dagoenean bideragarritasun plan baten tematzea porrotera daraman estrategia da. Erabakiak lehenago hartu behar ziren, balio erantsi handia duen produktu bat mantentzen saiatzeko. 

Ekidin zitekeela uste duzu?

Zaila zen aurreikustea krisia horren luzea izango zenik. Hala ere, uste dut Fagor Etxetresnen aurreikuspenak errealistagoak izan behar zirela eta ez zirela oinarritu behar zorrak modu kooperatiboan ordaindu behar ziren ustean. Garai zailak izaten ari dira guztiendako. Beraz, galerak urte batetik bestera errepikatzen direnean eta horren handiak direnean, ezin daiteke besteen laguntzeko esfortzuan oinarritu egoera gainditzeko. 

Nola uste duzu eragingo diola porrotak Mondragon Taldeari? 

Fagor Etxetresnen krisia oso gogorra ari da izaten talde guztiarendako, baina Mondragonek badu indarra, kapital fisikoa, kapital finantziarioa eta humanoa egoera zailari aurre egin eta onik ateratzeko. Ikusi besterik ez dago Laboral Kutxa hirugarren sailkatua dela, Santanderren eta BBVAren atzetik, egoera onean dauden entitate finantzarioen artean. Horrek erakusten du lana ondo egiten ari direla, eta hori Mondragon barruan dauden beste entitate eta enpresa batzuen adibide da. 

Zein ondorio azpimarratuko zenituzke? 

Asko egin da berba ondorio zuzenen eta zeharkako ondorioen gainean. Bazkide kooperatibistek sufritzen dutenaz gain, hornitzaileak–asko talde barrukoak eta Fagor Etxetresnekin harreman komertziala zutenak– eta bertako merkaritza jarduna dago, besteak beste. Baina gogora ekarri behar dira konfiantza moduko termino abstraktuagoak. Kooperatibak garaiezinak ziren egoeratik egungo egoerara igarotzean konfiantza pitzatu egin daiteke; hori ez gertatzeko egin behar dugu lan. 

Kooperatibismoa arriskuan dago? 

Ez dut uste kooperatibismoa arriskuan dagoenik, baina ebidentea da berritze edota birplanteatze bat behar duela, hiru zentzutan. Hasteko, kooperatibismoan oinarrituta dagoen egitura eta erabakiak hartzeko mekanismoak berritu egin behar dira. Jarraian, jarduera ekonomikoa sortzeko modelo honen balioak berritu eta berretsi behar dira, eta, azkenik, beharrezkoa izango da balio horien heziketa sustatzea. Izan ere, kooperatiba batek ez du arrakastarik izango merkatu libre baten, kooperatibistek ez badute benetan balioetan sinesten. Ezin daitezke ahaztu hazkunde azkar batek ekartzen dituen arriskuak, ez badira enpresa kudeatzeko moduak aldatzen. 

Nazioartera irtetea eta deslokalizazioa ezinbestekoak dira?

Hala uste dut. Deslokalizazioak zalantza gehiago sortzen dizkit, atzeman daitekeelako AEB moduko herrialdeek ez dutela bide horretatik bakarrik jarraituko. Adierazgarria da Tim Cook-ek, Apple enpresaren egungo buruak, azken aurkezpenean gehien nabarmendu zuen gaia izan zela produktuaren osagai guztiak AEBetan bertan ekoitziak izan zirela, produktu horretan ez zegoela Korea, Txina, India edo beste herrialde batzuetako ezer ez. Kontuan hartu beharreko sinbolo bat da, tendentzietan aldaketak suposa ditzakeena. Aldaketa izaten bada, gure lehiakortasunerako baldintzak zeintzuk diren ondo identifikatu beharko ditugu. Nazioarteko egiteak, berriz, ezinbestekoa izaten jarraituko du. Gurea ekonomia txikia eta irekia da, eta gure merkataritza-balantzak superabita izan behar du, hau da, gehiago esportatu behar dugu inportatu baino. 

Gatozen Debagoienera. Zein da gure egoera ekonomikoa?

Debagoiena oso une zailak ari da bizitzen. Era berean, uste dut bertako jendeak badituela baliabideak; jende langilea da, zintzoa, eta aurkituko du modua krisi honetatik indarberrituta irteteko. Bigarren sektoreaz gain–erabakigarria da, zalantza barik–, lehen eta hirugarren sektoreak ere indartu behar direla deritzot. Era berean, uste dut gure ingurumenarekin bihozgabe jokatu dugula eta etorkizunari beste modu batez egin behar diogula aurre. 

Zer ikasiko dugu krisi honetatik? 

Ikasiko dugu gehiegizko zorpetzea, publikoa zein pribatua, oso arriskutsua dela eta etorkizunari jasangarritasunaren ikuspuntutik begiratu behar diogula. Gainera, ikasiko dugu egitura produktibo dibertsifikatua izatea komeni dela eta enpresa txikiek aliantzak bilatu beharko dituztela naziorteko bihurtzeko. Era berean, sektore publikoak tamaina egokia izan behar du eta baita gobernu eraginkor bat ere. Noski, ustelkeriak eta zerga-iruzurrak ezin dute lekurik izan. 

Krisitik irtengo garelako, edo?

Joera negatibotik irtengo gara, baina aurreikuspenek diote hazkunde-tasak oso txikiak izango direla. Langabezia tasak jaisteko ezinbestekoa da gutxienez %1,5eko edo %2ko hazkundea izatea eta horretarako denbora beharko da. Oinarri sendoak jarri behar ditugu etorkizun oparo baten bidean jartzeko. 

Zerbait gaineratzerik nahi? 

Bitxikeria bat. Aspaldi, banku baten itxaron-ilaran nengoela, bezero bat kreditu bat eskatzen ikusi nuen bidai bat egiteko. Langileak, harritu beharrean, arazorik ez zegoela erantzun zion. Orduan konturatu nintzen zerbait ez zihoala ondo, eta hori orokortzen bazen ordainduko genuela. Bistan da emaitza. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak