'Bergara Bizi', merkatari bergararrek jaia egingo dute zapatuan

Jagoba Domingo 2013ko aza. 12a, 21:00

Hilabeteetan zehar, Bergarako komertzioa indartzeko lanean ibili ostean, zapatuan ‘Bergara Bizi’ jaia antolatu dute merkatariek, ostalariek eta Udalekoek. Egun osoko egitaraua antolatu dute, eta astean zehar globo urdina duten komertzioetan erosketak eginez gero, arratsaldean egingo duten zozketan parte hartzeko aukera izango dute bergararrek.

Bergarako hainbat komertziok eta tabernek, globo urdinez bete dituzte kaleak. Globo urdina hauek azken asteetan zehar herrian ikusi ahal izan diren aulkien eta globoen kanpaina misteriotsuaren jarraipena dira; Bergarako komertzioa indartzeko kanpainarenak hain zuzen.

Globo urdinak parte hartzaileen komertzioetan

53 merkatarik eta beste hainbat ostalarik bat egin dute, herriko denda eta tabernen indarra eta beharra aldarrikatzeko. Komertzio hauek identifikatzeko aldera, globo urdinak jarri dituzte. Izan ere, azken urteotan, erosketak egitera hirietara edo zentro komertzialetara joateko joera egon da, baina Izotz dendako Asier Latorrek dioen bezala, “herrian bertan gune komertzial handi bat dugu, ez dugu zertan Bergaratik irten behar”.

'Bergara Bizi' jaia zapatuan

Bada, hori frogatzeko, Bergara Bizi festa antolatu dute zapatu honetarako; eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Dendak zabalik dauden bitartean, 10:00etatik 20:30ak arte, erosketak girotzeko, Musika Eskolako Gazte Bandak musika jarriko du eguerdian. Arratsaldean ordea, Elektrotxaranga izango da Bergara musikaz girotzeko arduraduna, tabernariek erreleboa hartu aurretik. Azken hauek, pintxo potea egingo dute eta San Martin plazan, pintxoak jarriko dituzte 20:00etan sariak banatu artean. Izan ere, bingoa egingo dute, aste honetan zehar komertzioetan erosketak egiten dituztenen artean.

Parte hartzeko, erosketak egiterakoan, txartel bat eta bingoko kartoi bana banatuko dituzte merkatariek, eta zapatuan bertan egingo dute sari banaketa. Sariak erosketa baleak izango dira, baina argi utzi dute zozketaren momentuan bertan egon beharko dela. Eguraldi txarra eginez gero, Munibe plazan egingo dituzte luncha eta bingoa.

Bergara Bizi zapatuko jaia, hilabeteetan zehar egindako lanaren isla izango da. Uda aurretik geroztik lanean dihardute Udalak eta merkatariak eta aurrerantzean ekintzak antolatzen jarraituko dutela adierazi dute, herria bizirik mantentzeko berebiziko garrantzia dutelako komertzio zein tabernek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak