Berria erosi baino gehiago, zergatik ez zaharra konpondu?

Imanol Gallego 2013ko aza. 12a, 09:00

Kafekonpon-en bigarren topagunea asteazkenean izango da San Joxepe nagusien egoitzan, 16:00etan

Udalak aurreko hilean martxan jarri zuen Kafekonpon izeneko egitasmoa, Europako beste hainbat lekutan Cafe Repair bezala ezagutzen dena oinarri hartuta. Proiektuaren helburua da berrerabilpenaren filosofia zabaltzea. Egitasmo horrekin, etxean baztertuta dauzkagun traste zaharrak konpontzeko eta erabiltzeko dei egiten du Udalak.

Hilean behin elkartuko dira San Joxepeko egoitzan, hileko bigarren martitzenetan (aspaldi ganadu feriak egiten ziren egun berbera). Bertan, konponketetan trebeak diren hainbat herritar batzeko asmoa dago, eta, herritarrekin batera, etxe guztietan dauden traste zaharrei edo hondatuta dauden etxetresnei irteera ematea da asmoa.

"Hau ikasteko ekimen bat da, bertaratzen garenok dakiguna partekatzen dugu eta honela lortzen dugu aparailua konpontzea", dio Iñaki Alberdik, Kafekonpon ekimeneko sustatzaileak. Hala ere, konponketen arloan ezer ez dakitenek ere ekimen horren ateak zabalik aurkituko dituzte: "Aditu edo pertsona trebeen arteko bilera bat baino gehiago, filosofia kontu bat da".

Txip aldaketa

Askotan, etxean dauzkagun tresna txikiak (plantxa, ile-lehorgailua, erlojua…) hondatu egiten zaizkigu eta berehala botatzen ditugu. Ez dugu segundo erdi ere ematen horiek konpontzen ahalegintzen. Berria erosi eta zaharra bota.

Horri buelta ematera dator Kafekonpon. "Iñakik ekimena aurkeztu eta gero herritarrentzako zerbitzu praktikoa zela iruditu zitzaigunez, aurrera egitea erabaki genuen", aipatu digu Maren Belastegi zinegotziak.

Lehen hitzordua aurreko hilean egin ostean, pozik daude ekimenaren sustatzaileak: "Guztia ez konpondu arren, parte hartzaileek etxetresna asko konpon daitezkeela ulertu dute". Izan ere, askotan, trasteek "oso konponketa erraza besterik ez dute behar izaten". 

Bada, bigarren Kafekonpon hau ere, lehena bezala, ekimen irekia izango da, eta, mahai baten bueltan kafetxo baten laguntzarekin, matxuratutako bizikletak, plantxak... konpontzeko aukera egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak