Webgunea estreinatuz hasiko du Txapa Irratiak ikasturte berria

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko aza. 9a, 18:00

Txapa Irratiak bere 29. ikasturteari egingo dio aurre. Osasuntsu dago Bergarako irrati librea eta hala erakutsi zuten 2013-2014 ikasturteko programazio aurkezpenean: astelehenetik domekara 23 saio ekoiztuko dituzte. "Argi geratzen da beste mota bateko irratigintza egin daitekeela", zioten. Aurtengo berritasunen artean, orain arteko webgunea berritu dutela.

"Urtetik urtera komunikazio modu hau posible eta beharrezkoa dela erakusten dugu. Medio oso gutxirekin zerbait txukuna egiteko gai gara, autogestioaren bidez eta bileretan erabakiak hartuz eramaten da aurrera Txapa Irratia". Hala eman zuen aditzera Lander Juaristi Txapa Irratiko kideak.

Iazko ildoari jarraituta egin zuten egubakoitz iluntzean Bergarako gaztetxean Txapa Irratiaren denboraldi berriko programazioaren aurkezpena. Txotxongiloek gidatutako saioan ez zen umorerik falta izan, ezta musika ere; azken hori, Elvis Caino DJren eskutik egon zen.

Saio berriak

Askotariko saioek hartuko dute FMko 97.20ko uhinak. Azken urteetan euren tokia egin dutenak asko – Jar itzazu tapoiak mesedez, Sasi guztien azpitik, 90 segundu, Metapetik, Album bat konfesio bat, Xelebregara... – eta berriak ere entzun ahal izango dira.

Horien artean, teknologia berriak ardatz izango dituen Eskuliburu ilustratua –astelehenetan (21:30-22:30); izaki bizdunen bitxikeriaz berba egingo da Hau mundu bitxia saioan –martitzenetan (20:00-21:00); sorgin izatearen definizio guztiak landuko dituen Zapuak kazuelara –hamabostean behin, eguenetan (15:30-16:30); edo testuak oinarri izango dituen Letretan murgilduta –hamabostean behin, domeketan (19:00-20:00).

Webgune berria, dinamikoa

Orain arteko webgunea berritu eta hori ere aurkeztu zuten gaztetxean. Jokin Guridi aritu da berritze lan horretan: "Webgune dinamikoa da oraingoa, eta irratsaioak zuzenean entzun ahal izango dira bertatik, baina gainera, saio bakoitza podcast bitartez entzuteko moduan egongo da. Horrela entzuleak ez dira ordutegira mugatu behar".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak