Herriko merkataritza sustatzeko 'Bergara bizi' ekimena sortu dute

Imanol Gallego 2013ko aza. 7a, 17:45

Azken egunotan Bergaran bolo bolo ibili den globo eta aulkiaren kanpaina argitu da. Herriko merkatariek 'Bergara bizi' ekimena sortu dute herrian presentzia handiago izateko helburuarekin. Oraingoz 18 kide batu dira baina edozein merkatari eta ostalariri dago irekita egitasmoa. Orain arte programatutako ekintzen artean festa bat eta hainbat ikastaro daude.

2012. urtean Udalak eskatutako PERCO ikerketaren emaitzak azaldu zizkien merkatari eta ostalariei. Emaitza argia izan zen: herriko merkataritzak presentzia gehiago behar zuen. Horretarako lanean hasi ziren berehala eta Udalak lan talde bat osatzea proposatu zuen. Dendari eta ostalariek zein Udalak osatu zuten lantaldea eta herriko merkataritza txikiari oihartzun gehiago emateko ekimenak sortzeko mahaia sortu zen. Bertatik irten zen, merkatarien eskaintza ezagutarazteko horrenbeste zeresan eman duen kanpaina berria.

"Gure eskaintza hor dago eta saiatu behar gara jendeari hori azaltzen, erakutsi behar diegu zer duten hemen eta zer utzi duten nolabait alde batera", azaldu zuen Bibi Andueza merkatariak.

Ekimeneko parte hartzaileek argi dute, merkatari txikiak izan arren, guztiek batera, enpresa gune handi bat osatzen dutela.  Horregatik guztiek batera zenbait jarduera antolatuko dituzte datozen asteetan.

Festa hilaren 16an

Egitekoak dituzten ekintzen artean 'Bergara bizi' eguna antolatu dute azaroaren 16rako. Sorpresaz beteriko eguna izango da baina oraingoz ez dute gehiegi aurreratu nahi izan.

"Orain arte egin ditugun lanak aterako ditugu kalera. Erakutsiko dugu merkatariek zer eman dakioken herriari eta jendeak zer ekarri dakigunek guri, beraz, dena batu eta herriarendako zer den ona ikusteko aukera izango da", gaineratu zuen Anduezak.

Aitortu zuen izugarrizko ekintzarik gabe, sorpresa txikiz betetako eguna izango dela, "hemen gaudela eta lanerako presta gaudela erakutsiko dugu horretan", azaldu zuen.

Horrez gain, dagoeneko hasita dauden hainbat ikastarorekin jarraituko dute hilabete honetan. Grupo Bentas enpresak eskaintzen dizkie ikastaro horiek merkatariei eurei.

Merkatariek herriari eskaintzen dioten arreta eta kalitatea azpimarratzeaz gain, herriko bizitzaren iraupena guztion esku dagoela erakutsi nahi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak