Azaroa mendiaren hilabetea izango da Bergaran

Goiatz Arana Begiristain 2013ko aza. 5a, 10:24

Zalantza barik, azaroa mendiarekin lotutako ekintzaz beteta dator Bergarara: Pol-Pol mendi elkartearen eskutik, Mendi Astea ospatuko dute hilaren 11tik 17ra, eta azoka txikia 25etik 28ra.

Azaroaren 8koa izango da lehen ekitaldia, Benito Canteroren Pasarteak-Fragmentos argazki erakusketaren irekierarekin. Egun horretatik abenduaren 1era arte egongo da ikusgai.

Eta tartean, azaroaren 11n, Mendi Asteko egitaraua abiaraziko da: ikus-entzunezko emanaldiak, hitzaldiak eta irteera antolatu dituzte.

Egitaraua

  • Azaroak 11, astelehena: Alex Txikonen Bajo Cero dokumentala –hiru espedizio lagun galdu zituen Gasherbrum I.eko filma– eta The Nomad Sibergeier origins obe and Ashiwa eta Autana dokumentalak. Udaletxeko pleno aretoan, 19:00etan. Sarrera doan.
  • Azaroak 12, asteartea: Kilian Jornet mendi lasterkari famatuaren Summits of my life ikus-entzunekoa. Udaletxeko pleno aretoan, 19:00etan. Sarrera doan.
  • Azaroak 13, eguaztena: Janariak mendian hitzaldia, Kepa Larrea, Alberto Garai, Silvia Trigueros eta Zigor Iturrietaren eskutik. Mediku azterketa, kirolaren onura, lesio, elikadura eta prestakuntza fisikoari buruz ariko dira. Udaletxeko pleno aretoan, 19:00etan. 
              
  • Azaroak 14, eguena: Alfonso Ena bergararraren Groenlandia, Cabo Taney eta Siorapaluk filmak eskainiko dira. Udaletxeko pleno aretoan, 19:00etan. Sarrera doan.
  • Azaroak 15, egubakoitza: Euskal Herriko Basoak hitzaldia, Mendia Bizirik taldearen eskutik. Ondoren, Jorge Gonzalez biologoak dokumental bat eskainiko du. Pol-Pol mendi taldearen aretoan, 19:00etan. Sarrera doan.
  • Azaroak 17, domeka: Irun-Erlaitz-Irun beteranoen irteera. Urteko azken irteera izango da eta, hori horrela, bazkaria egongo da sagardotegian. Txartelak bulegoan daude salgai, 35 eurotan. Autobusa 08:00etan aterako da frontoitik.
                 

Mendi astean zehar frontoiko bulegoa 18:00etatik 19:00etara egongo da zabalik.

Azoka txikia

Eta azaroko azken astean, 25etik 28ra, bigarren eskuko mendi material azoka egingo da; jada, urteroko bihurtu den hitzordua.  Antolakuntzatik dei egin diete herritarrei erabiltzen ez duten mendiko materiala izanez gero etxean, bertara eraman dezaten; eta baita, noski, azoka egunetan, askotariko mendi materiala modu onean eskuratzera hurbildu daitezen ere.

Material bilketa azaroaren 18tik 21era egingo da, Pol-Poleko bulegoan, frontoian, 19:00etatik 20:00etara.

Azoka bera, 25etik 28ra bitartean ospatuko da, 19:00etatik 20:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak