Gonzalez Bastida musikariari, agur

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko aza. 3a, 16:55

Eguenean hil zen, 93 urte zituela, eta agur hileta elizkizuna zapatuan egin zioten San Pedro parrokian. Gonzalez Bastida musikaria, konpositorea, organo jotzailea eta Bergarako Musika Bandako zuzendaria izan zen, besteak beste.

"Musikari bikaina", "konpositore ona", "artista", "organo jotzaile aparta", "Bergarako banda den bezalakoa izatearen erantzulea", "pertsona ona"... hitz horiekin gogoratzen dute Miguel Gonzalez Bastida bergararra ezagutu zuten senide, lagun eta bandako kideek. Ez zuen inoiz nahi izan etxetik kanpora joatea, bandako musikariek greba egin zuten zuzendari bera izateko eta bera zuzendari zela sartu ziren lehen emakumeak Bergarako Musika Bandan.

Bergararra

"Musikari eta konpositore ona izan da Miguel, oso ona. Sei anai-arreba ziren, bera gazteena. Arreba bakarra, Carmen, joan den urtean hil zen 100 urte zituela. Bere anaiak ere musikariak izan ziren eta kanpoko banda eta abesbatzetako zuzendariak izan ziren, Gasteizkoa, Donostiakoa edo Irungoa, esate baterako. Miguelek ere izan zuen aukera kanpora joateko, baina ez nuen nahi izan, Bergaran gelditu zen", du gogoan Jose Mari Gonzalezek, Bergarako bandako egungo presidenteak eta zendu berri den musikariaren lehengusuak.

Miguel, bere arreba Carmenen ondoan. (Argazkia: Iñigo Zaitegi)

Juan Luis Bikuñak Bergarako Musika Bandaren 175. urteurrenaren harira egindako liburuan ere jaso zuen Miguel Gonzalez Bastidaren ibilbidea. "Musika banda zibilen zuzendari titulua atera eta gutxira Logroñoko bandako zuzendaritza eskaini zidaten baina ez nintzen joan. Etxekoek ere galdetu izan didate zergatik ez nintzen ez Bartzelonara ezta Bilbora ere joan, baina ni Bergarakoa naiz, bergararra sentitzen naiz batez ere, eta nire herria maite dut. Horixe da dena", erantzun zion musikariak liburuaren egileari.

Musikarien greba

Joxe Lazkano Kurri-k berarekin batera jo zuen bandan. "Berak flauta jotzen zuen eta nik klarinetea. Niretako oso zuzendari ona izan da eta gizon handia. Elkarrekin jotzen genuenean bere aita, Inazio, zen zuzendaria. Osasunez makal samar zegoenean, ordezko eske hasi zen. Guk garbi ikusten genuen Miguel zela ordezkorik onena. Baina orduan Ministerioaren erabakiz izendatzen ziren musika bandetako zuzendariak, eta ejertzitoko norbait etorriko zen beldur ginen. Horregatik, bandako kide ginen guztiok greba egin genuen, Miguelen alde", kontatu du Kurri-k. "Ziur nago berari esker dagoela Bergarako banda dagoen tokian, ez dut dudarik", jarraitu du.

Bederatzi neska

1941 urtean hartu zuen Miguelek Bergarako bandako zuzendaritza. Eta bera zuzendari zela sartu ziren lehen emakumeak, 70eko hamarkadan. "Arantzazu ahizpa eta biok bere etxera joaten ginen solfeoa ikastera. Beste batzuek udaletxeko goiko pisuan zegoen gelan ikasten zuten eta, horrela, bederatzi neska sartu ginen batera: gu biok, Mari Jose eta Mari Sol Juaristi ahizpak, Eba Agirre, Ane Elortza, Maria Pia Urrutia, Miren Gurutze Arana eta Elisabet Mendizabal. 12 urte nituen nik. Ahizpari flauta eman zion eta niri klarinetea. Gaur egun instrumentu horiek jotzen jarraitzen dugu. Serioaren fama ere bazuen Miguelek baina gu oso babestuta sentitzen ginen, lan handia egin zuen partiturak aldatzen, guk jo ahal izateko", du gogoan Garbiñe Garitanok.

Soldaduskan ere, musika

Melillan egin zuen soldaduska Miguelek eta hantxe idatzi zuen Umore Ona pieza. "Postaz bidali nuen partitura", kontatu zion Juan Luis Bikuñari. Pol-Pol, San Martin, Pertxa edo Or-Konpon dira berak konposatu zituen beste lan batzuk. Elizkizunetarako obrak ere konposatu zituen.

Mari Carmen Chirlaquerekin ezkonduta, hiru seme-alaba izan zituen: Pili (gazte hil zen), Alfredo eta Rakel. Egun, Alfredok zuzentzen du Bergarako banda.

Herriko musikari asko hiletan

Bergarako bandak Chopinen Hileta Martxa jo zuen gorpua San Pedro elizara sartzen zuten bitartean, eta elizkizuna bukatu ostean Gonzalez Bastidak berak moldatutako Agur Jauna pieza. Eliza barruan, berak konposatutako hileta obra eta Don Eustakio Azkaratek egindako Liberame abestu zuten elkarrekin Koro Parrokialak, Orfeoiak eta Aritzeta Abesbatzak.

Hilkutxa bandako kideek eraman zuten, baita loreetako batzuk ere.

Zapatuan San Pedro parrokian izan zen hileta elizkizuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak