KZguneko azaroko saioak gaur hasiko dira Irizar jauregian

Iure Eizagirre 2013ko aza. 4a, 15:00

Internet erabiltzen ez dakiten bergararrek ez dute arrazoirik ezjakintasun egoera horretan jarraitzeko, KZguneak berriro ere euren eskura jarri ditu-eta teknologia berriak ezagutu eta erabiltzen ikasteko saioak. Ohi moduan, egun bakarreko, bi egunetako edo bi asteko ikastaroak izango dira.

Batzuk gaur hasiko dira, horien artean bi aste iraungo duen Oinarrizko Internet ikastaroa. Jakina da Interneten informazio ugari topa daitekeela, baina ongi erabiltzen ez dakienentzat ez da lan erraza izaten. Horregatik gaurtik azaroaren 15a arte iraungo duen ikastaro honetan ordenagailu bat zer den ezagutu, eta nabigatzen eta posta elektronikoa erabiltzen ikasiko dute. Modu arinean eta adibide praktikoekin, gainera. Ikastaroa astelehenetik egubakoitzera emango dute, 16:00etatik 18:00etara.

Gaur emango den beste ikastaroa hain modan jarri den Twitter sare sozialari buruzkoa izango da. Tresna horren bitartez ezagunekin harremanetan jartzen eta dokumentuak partekatzen ikasiko dute ikasleek. Saioa gaur bakarrik eskainiko dute eta bi ordukoa izango da, 18.00etatik 20:00etara.

Bihar IT Txartelari buruzko ikastaroa emango dute, 18:00etatik 20:00etara, eta etzi, aldiz, Eusko Jaurlaritzan, Aldundian, udaletan eta administrazioan gestioak egiteko lagungarri den metapostaren ingurukoa.
Software librearekiko jakin-mina dutenek azaroaren 29an izango dute ikastaroa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak