Bergaran hartuko du lur Kantarik domeka honetan

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko urr. 31a, 15:00

Kantari saioak Bergaran hartuko du lur domeka honetan, azaroak 3. Hain zuzen ere, Bergarako, Antzuolako eta Elgetako 160 neska-mutil inguruk entseguak egingo dituzte Zabalotegin. 

Bi aste besterik ez dira falta Kantari ikuskizunak Bergarako Zabalotegi aretoa kantuz eta dantzaz betetzeko. Baina urrian Aretxabaletan egin bezalaxe, saioaren grabazioa egin aurretik entseguak egin beharko dituzte parte hartzera animatu diren 160 neska-mutilek.

Domeka honetan elkartuko dira goiz eta arratsaldez, etxean ikasitako kantuei eta koreografiei azken ukituak emateko. "Helburu nagusia, baina, emanaldiaren egunean eszenatokia ongi ezagutzea da", azaldu du saioko gidari Amaia Txintxurretak. 

Neska-mutilek Kantariko blogean  zintzilikatutako abestien letrak eta koreografiak ikasi dituzte orain arte euren kabuz. "Oso garrantzitsua da entsegu egunean dena ongi ikasita ekartzea. Esaterako, blogean jasotzen diren kantuen melodia bakarrik entzungo dute, ez da letrarik egongo, eta buruz jakin beharko dute, ondorioz".

Emanaldia, azaroaren 9an

Azaroan 9an, zapatua, izango da une erabakigarria, orduan irtengo baitira publiko aurrera parte hartzaileak, 15:30etik 20:15era. Zabalotegira sartzeko gonbidapenak banatuko dituzte entsegu egunean eta soberan daudenak egunean bertan jaso ahal izango direla eman dute aditzera. "Doakoa da sarrera, baina jende kopurua kontrolatzeko beharrezkoa izango da".

Sei saio ekoiztuko dituzte eta grabazio bakoitzetik bestera, Eskoriatzako DJ Andonik musika ipiniko du jendea dantzan jarriz eta festa giroa sortuz.

Goiena telebistako emisioak

Bestalde, datorren astean, martitzenean, hasiko da Goiena telebista orain arte grabatutako saioak emititzen. Urrian Aretxabaleta eta Eskoriatzako neska-mutilek grabatu zituzten saioak emitituko dituzte.

Astean birritan eskainiko dira, martitzenetan 19:35ean –errepikapena eguaztenean, 13:05ean– eta eguenetan 19:35ean –errepikapena egubakoizean 13:05ean.

Eta asteburutan ere eskainiko dira saioen errepikapenak; hain zuzen ere, zapatutan 10:00etan eta 16:00etan eta domekan 13:00etan eta 19:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak