Maria Urzelai bergararra protagonista Zabalotegin 'Satisfaktion' lanean

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko aza. 1a, 12:00

Khea Ziater taldeak proposamen berezi bat ekarriko du Zabalotegi aretora, gaur, egubakoitza, 22:00etan hasita. 'Satisfaktion' izeneko obra ikusteko aukera egongo da. Maiatzean aurkeztu zuten Donostiako Poltsiko Antzerki bekarako sortutako lan hau eta saria eskuratuta, hainbat saio eskaini, eta Bergaran egingo dute geldialdia.

Alex Gerediaga zuzendariaren gidaritzapean, Maria Urzelai bergararra irtengo da jendaurrera Bera da obrako antzezle bakarra; pertsonaia berezia interpretatzen du, Kriss deitutako aktoresa, eskarmentu handikoa, Gerediagak azaldu duenez.

"Kriss haurdun geratzen da, eta ondorioz, fama emango liokeen pelikula bateko protagonista izateari uko egiten dio. Satisfaktion obran bere berragerpena ematen da eta film hartan egin ahal izan ez zuen papera interpretatzen du, Mini Loff emagalduarena, hain zuzen ere".

Antzezlanak gordintasun puntu bat daukala azaldu dio Goienari Gerediagak. "Dena dela, nik uste dut genero ezberdinak biltzen ditugula obra honetan. Hau da, iruditzen zait badaukala nolabaiteko tragedia puntu bat, baina era berean, ez da umorerik falta".Eta gainera, efektu bisualak dituela eta musika aldetik ere "nahiko kañeroa" dela gaineratu du obraren zuzendariak.

Gaztelaniazkoa martxan

Khea Ziater 2010ean sortu zen Alex Gerediagaren eskutik. "Arte eszenikoen baitan sorkuntzak ematen dituen aukera ezberdinen hausnarketa baliatuta, garena eta sentitzen duguna gure ogibidearen bidez kontatzea dugu helburu".

Donostiako Poltsiko Antzerki Sorkuntza beka eskuratuta, emanaldiz emanaldi aritu dira. Satisfaktion euskaraz jaio zen –gaur Bergaran ikusiko dena–, baina orain, gaztelaniazko bertsioa ere sortu dute. "Bilbon izan da estreinaldia eta jendearen erantzuna ona izan dela esango nuke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak