Garai bateko bizimodua eta ohiturak Angiozarren ikasgai

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko urr. 31a, 17:00

Angiozarren oraindik ere egiten  dituzten garai bateko hileta errituak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da egunotan. Helburu horrekin antolatu dituzte Herioa Anderea izenburupean askotariko ekitaldiak. Iaz bezala, aurten ere bisita gidatuak egingo dituzte; horrez gainera, erakusketa bikoitza eta hitzaldia ere jaso dute aurtengo egitarauan. Angiozar bailarako batzarreko kultura eta turismo lantaldeak antolatu du Bergarako Turismo Bulegoarekin batera.

Aurten ere Bergarako Turismo Bulegoko Jon Arroitak gidatuko ditu bihar, egubakoitza, eta zapatuan egingo dituzten bisita gidatuak; biak ala biak goizeko hamaiketan abiatuko dira Angiozarko San Migel elizpetik, Elizamendi ermitaraino joago dira gero, eta ibilbidea San Migel parrokian amaituko da. Bi ordu inguruko ibilbide aldapatsua da eta parte hartzeko ez da aldez aurretik izenik eman behar. Euskarazko bisita gidatua bihar, azaroak 1, egingo dute eta gaztelerazkoa, berriz, azaroaren 2an, zapatua.

Bisita gidatuek, zentzu erlijiosoa baino gehiago

Zentzu erlijiosoaz gainera, bisita gidatuko ibilbideak esanahi zabalagoa ere badaukala dio Joxe Anjel Mikeok, Angiozarko alkateak: inguru kulturala ezagutaraztea eta garai bateko bizimodua nolakoa zen erakustea, hain zuen ere: "Goranzko bidean, aspektu historioak azalduko ditu Arroitak eta beheranzkoan, berriz, Eliza bide baten ibilbidea egingo dugu; nolabait esanda, garai baten hildako bati egiten zitzaion laguntze prozesu hori egingo dugu. Hori horrela, geldialdiak egongo dira, jendea nola batzen zen kontatzeko eta eliza bideen garrantzia azaltzeko; azken finean, etxeak eta elizako sepulturak zuten lotura erakusteko helburuarekin", azaldu du Mikeok. "Inguru sozial eta historikoak azaltzeko, garai askotako baserriak ikusiko ditugu: dolare-baserriak, besteak beste. Angiozar bailara guztia ikusiko dugu, zazpi auzoak ermita baten inguruan batuta, eta horrek bailararen beraren izaera politikoa kontatzera ere bultzatuko gaitu".

Bi erakusketa

Aipatutako bisita gidatuen osagarriak dira erakusketa biak: atal bat elizan dago ikusgai eta bestea, berriz, Saloia deitzen dioten lokalean.

Otxandioko Alberto Barrondok Peña Santiagoren liburutik ateratako irudiak oinarri hartuta egindako argizaiolen 35 erreplika  dira. "Argizaiolen ibilbide zabala erakusten dute: zaharrenak sinpleak dira eta garaietan aurrera egin ahala, forma eta adornoetan osatuagoak dira. Benetakoen neurri bereko eta ezaugarri berekoak dira, originalen kopia zuzenak, bada", dio Mikeok. Argizaiolei laguntzen azalpen batzuk ere badaude, tarteka-tarteka: argizaloia zer den, zein esangura duten, hitzaren esanahia eta datu historikoak, besteak beste. "Azalpen horiez gainera, ikus-entzunezko bat ere martxan izango da, non  argizaiolen bilakaera erakutsiko duen, besteak beste", azaldu dute Angiozartik. Otxandioko Barrondok egindako lanez gainera, badira batzuk Saloian eta beste batzuk elizan, Bergarako zurgintza taldekoek egindakoak ere bai.

Elizan dagoen erakusketan, berriz, heriotza errituarekin lotutako askotariko objektuak batu dituzte, besteak beste, hildakoaren familiak elizan jartzen zituen zapi beltz gurutz gorridunak, eta belaunikatuta egoteko garai bateko aulkiak.

Elizako bilduma hainbat gunetan banatu dute: Hiltze unea;  hildakoaren etxea; Hileta-elizkizuna; eskelak eta urteurren oroigarrien gunea eta mapa bat. Honela azaldu du Mikeok atalez-atal erakutsi dutena: "Hiltze unean, abadea hildakoaren etxera azken igurtzia ematera joaten zenean eramaten zituenak batu ditugu, besteak beste. Etxeko atalean, berriz, hildakoaren etxean jartzen zuten aldarea irudikatu dugu gurutzearekin, ur bedeinkatuaren ontziarekin, Santuen estanpekin eta errezorako liburuekin, besteak beste. Elizkizunaren atalean ostera, eliza bera nola egokitzen zuten erakutsi gura izan dugu; horretarako,  gordeta zegoen Angiozarko hilkutxa atera dugu. Aipatu behar da, garai baten, hildakoa ez zutela elizara eramaten baina, hala ere, hilkutxa bat muntatzen zuten. Horrez gainera, eskelak eta urteurreneko oroigarriak ere badaude eta baita mapa bat ere. Mapa horrek, etxe bakoitzak zuen Eliza bidea erakusten du, elizako sepultura ere etxe bakoitzari  zegokion-eta; izan ere, hildakoak elizan zeuden eta etxean, berriz, bizirik zeuden familia bereko senideak".

Calahorrako gotzaidegiari erantzunez

Joxe Anjel Mikeok Elgetako artxiboan aurkitu zuen Angiozarrek eta Elgetak ezarritako hilobiratze-tasak direla-eta Calahorrako gotzaindegiaren aginduari jarritako helegitearen facsimilea ere Elizako erakusketan dago ikusgai.

Aipatutako 1500. urteko dokumentu hori abiapuntu hartuta egin zuen atzo, eguaztena, Joantxo Madariagak, UNED-eko eta Nafarroako Unibertsitateko irakasleak hitzaldia Saloian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak