'Etxe huts’ eta ‘Natura eta bere edertasunak’ Bergarako Film Laburren Lehiaketan garaile

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urr. 25a, 11:10

Zazpi lan aurkeztu dituzte, orotara, Bergarako Film Laburren Lehiaketara eta horietatik bik eraman dute saria: Jokin Uribeetxeberriak eta Ander Bolibarrek, lehena; eta Lexeia Larrañagak eta Alex Gutierrezek, bigarrena. Gazteria zinegotzi Maren Belastegiren eskutik jaso zituzten sariak atzo iluntzean –eguena–, Zabalotegi aretoan egindako ekitaldian. Lehiaketara aurkeztutako lan guztiak proiektatu zituzten eta ordubete inguru iraun zuen saioak.

Jokin Uribeetxeberria arrasatearrak eta Ander Bolibar bergararrak egin dute Etxe huts film laburra, beste lagun batzuekin batera. 15 minutuko iraupena du eta bertan, Aritzen, etxe okupatu batean bizi den 25 urteko gaztearen, historia kontatzen du. Urtetan, bere bizitza-proiektua aurrera eramateko oztopo ugarirekin topo egin du, baina badirudi okupa ideologian behin-betiko txokoa aurkitu duela. Beste bi pertsonarekin bizitzen hasten denetik aurrera, bere bizitza ez da berdina izango.

Lexeia Larrañaga bergararra eta Alex Gutierrez dira Natura eta bere edertasunak lanaren egileetako batzuk. Askoz ere laburragoa da filma –bi minutu eta erdi irauten du– eta bere funtsa da natura basati eta ikusgarriari arreta pixka bat eskaintzea;  "bizirik eta une hunkigarriz gainezka inguratzen gaituen naturari, naturari bere egoera garbian".

400 eta 300 euroko sariak eraman dituzte irabazleek, hurrenez hurren. Bergararrak izan dira epaimahaikide guztiak: Antonio Zabala, zine aditua; Amaia Labaien, ikus-entzunezkoetan aditua; Izaro Aperribai, Gaztetxeko zineklubeko ordezkaria; eta Maialen Madariaga, zalea.

Aurkeztutako beste lanak

'Baby Blues':

  • Autorea: Unai Azkarate Ilarduia (Bergara).
  • Iraupena: 3 min. 25 seg.
  • Zirku italiarrean parte hartzeko gonbitea jaso genuen Rossi anaien eskutik. Hainbat herritan beraiekin aritu ostean, hona hemen egindakoaren emaitza.

'Angel':

  • Autorea: Alfredo Crespo Blanco (Arrasate).
  • Iraupena: 4 min. 5 seg.
  • Kanta baten bideoklipa. Mutil eta neska baten arteko gertaera bat da. Ilusioa eta errealitatearen arteko jokoa.

'Eta orain zer':

  • Autorea: Jone Albeniz (Bergara) + beste batzuk.
  • Iraupena: 16 min.
  • Zinea orain plataformaren ibilbidean oinarrituta, Bergarako zine aretoen gainbehera erakusten da.

'Ziur nago':

  • Autoreak: Bergarako Kale Hezitzaileak + Beste batzuk.
  • Iraupena: 6 min.
  • Bergarar gazte talde batek krisi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko egin daitezkeen aldaketen inguruan eta kale hezitzaileekin dituzten eztabaidetatik abiatuta egindako film laburra da.

'Sand, Sea and Spray':

  • Autoreak: Jokin Oregi eta Mikel Larrañaga (Bergara).
  • Iraupena: 3 min. 13 seg.
  • Manchester ondoko Blackpool hirira egindako bidaia. Sand, Sea and Spray deituriko graffiti erakustaldira gonbidatuak izan ordoren burututako filma, munduko 50 graffiti artistarekin batera.

Lehiaketako parte-hartzaileen talde argazkia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak