2014. urteko udal tasak asteleheneko bilkuran

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko urr. 23a, 19:05

Ordenantza fiskalak asteleheneko ohiko bilkuran bozkatuko diren arren, asteon, dagoeneko, eztabaida eragin dute EAJren eta Udal gobernu taldearen artean.

Astelehenean, hilaren 28an, egingo den osoko bilkuran bozkatuko dituzte alderdiek 2014rako udal zerga berriak, eta, EAJko udal taldeak prentsa oharrean aditzera eman duenez, "zergak bere horretan mantentzea" eskatuko dute euren bost zinegotziek "Bilduko gobernuak defendatutako %2ko igoeraren aurka": "Bergarar guztiak ari dira krisia pairatzen eta azken egunotan jasotako berriak, gainera, ez dira onak izan. Guztiek, egoera dena delakoa izanda, modu berean ordaindu beharko dituzte zergak, nahiz eta politikariek modu justuenean zehaztu beharko lituzketen", diote. Gehitu dutenez, ezin da onartu "KPIa baino altuagoa den igoera; izan ere, soldatak ez dira proportzio berean igoko, batzuk langabezian daude eta lanean ari direnei soldatak murriztu edota mantendu dizkiete".

Gobernu taldeak herritarren kontura "dirua batzeko duen grina" ere salatu dute: " Udala dirua egiten ari da, baina legealdian ez dute ia inbertsiorik egin".

Zenbait proposamen egin dituztela ere jakinarazi dute, hala nola "700 euroz azpiko diru sarrerak dituzten alargun eta pentsiodunekin zein diru-sarrera gabeziagatik egoera larrian daudenekin salbuespenak egitea". Horrekin batera, "merkatari eta ostalariekin ere kontsiderazio bereziak izatea exijitu" diete sektorea indarberritzen saiatzeko, "horiek zuzen zuzenean ari baitira krisia sufritzen". Halaber, negozio berriak irekitzeko "lizentzia zergak ez igotzea proposatu eta 2014. urterako %50eko hobariak ezartzea" eskatu dute.

Hirigintza zergan salbuespenak egitea ere eskatu dute "behar-beharrezkoak diren obretan": "Gobernuaren kudeaketa IBIari dagokionez, ez da egokia. Alkate andreari gauzak gaizki egiteari utzi eta Bilduk proposatutako %150eko errekargua ezeztatzea eskatzen diogu, erabaki horiek herritar guztiengan dutelako eragina".

Azkenik, zabor zergaren planteamenduari ere aurka egin diote jeltzaleek: "%4ko igoera proposatu dute eta guk bere horretan mantentzea eskatu dugu kezkaturik gaudelako zabor zergak izan dezakeen bilakaeragatik; izan ere, ez dute plazaratu datu bat bera ere eragingo duen kostuari buruz".

Gobernu taldea: "Igoera soilik %1ekoa izatea proposatu dugu"

Udal Gobernuak, bestalde, erantzun egin dio EAJko Udal Taldeari: "Gure haserrea agertu nahi dugu EAJ taldearekin, beste behin eta gurekin kontaktatu gabe komunikabideetara jo dutelako gezurrezko datuak emanez. Kasu honetan, Ogasun batzordean elkarrekin landutako datuak izan dira oker erabili dituztenak". Eta gehitu dute: "Hiru bilera egin dira udal tasen harira egun arte –urriaren 2an, urriaren 9an eta urriaren 16an–. Azkenengo bileran, Gobernu Talde honek urriaren 23an egingo zen bileran lantzekoa eta eztabaidatzekoa zen aurre-proposamena egin zuen, betiere, oposizioari esplizituki eskainita bilera horren aurretik ere elkartu eta proposamena landu ahal izateko aukera. Egia bada ere aurre-proposamen horretan udal tasak %2 igotzea aurreikusten genuela, urriaren 23ra eramandako proposamen berrian igoera %1ekoa soilik izatea proposatu genuen. Proposamen berri honen arrazoia da esku artean geneuzkan KPIren datuak aldatu izana".

Hori horrela, salatu egin dute EAJren jarduna "elkar-harremanetarako bideari muzin egin zein ordenantzen lanketarako elkarrekin adostuta dauzkagun kronograma errespetatu gabe, komunikabideetara datu sentsazionalista bat ematera atera" delako.

"Halako portaerek Gobernu taldearen eta EAJren arteko harremanen ozpintzea eta zailtzea ekartzen dute, elkarrekiko mesfidantza sortzen dutelako", esan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak