Joseba Beldarrain da Geyser Gastech S.A.ko gerentea, eta hark kontatu du zela joan den eguaztenera arte –urriak 16– normaltasunez jardun zuten lanean eta hortik aurrera etorri direla aldaketak. "Urriaren 17an eta 18an ez genuen lanik egin, Fagorrekoaren ostean lan-taldea berrantolatzeko. Hori egin ostean –248 langiletatik 70 kalean geratu dira– oraingo astelehenaz geroztik lanean dihardugu, eta hala segituko dugu Vaillant Group alemaniarrendako produktuak hornitzen. Gu ez gaude hartzekodunen aurre-lehiaketan sartuta, eta Vaillantek epe motzean ez du beste aukerarik hemen jarraitzea baino. Bestalde, Fagor ez dugu galdutzat ematen. Guri, behintzat, hori transmititu digute. Eta Fagorrek gurekin zorra duen arren, zor horren bi herena aseguratuta dugu".
Geyser-Gastech SAko langileen egoerari dagokionez, berriz, "lantaldeko 50 izan ezik, gainontzkeo guztiak –kalean geratu direnak barne)– Fagorreko bazkideak gara", kontatu du Beldarrainek.

