Bergarako auziperatuen inguruan harresia egin zuten, ekitaldi laranjan

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko urr. 18a, 14:04

Ekitaldi laranja egin zuten atzo arratsaldean Bergaran, Madrileko epaiketa politikoak salatzeko. Libre plataformak antolatu zuen ekitaldia eta bertan herriko hainbat elkartek eta hainbat herritarrek hartu zuten parte. Ekitaldian adierazi zuten inoiz zentzurik izan ez duten epaiketa politikoek gaur egun daukagun egoera politikoan zentzu gutxiago dutela, eta salatu nahi izan zituzten Madrilen aste honetan egiten ari diren bi epaiketa politikoak.

Madrilen aste honetan egiten ari diren bi epaiketa politikoengatik "haserre eta minduta" daudela adierazi zigun Ibai Redondo Sortuko koordinatzaileak, baina bestalde, "oso pozik" zeudela gaineratu zigun "geroz eta erantzun zabalagoa eta irmoagoa" jasotzen dabiltzalako.

Ekitaldian ez zen kolore eta musikarik falta izan; trikitilari eta batukada taldearen laguntzarekin bertaratu ziren herritarrak San Martin plazara, eta txalaparta doinuekin eman zioten hasiera ekitaldiari.

Ondoren, Bergarako Artatse elkartea auzipetuta dagoela-eta, Artatse batzordeko Roberto Martinezek salatu zuen "gure herriaren kontrako erasoa".


Horren ostean, Bergara Libre plataformako kideek hartu zuten hitza eta salatu zuten torturapean lortutakoak izan direla aste osoan deklaratzen Madrilen izan diren gazte mugimenduko 40 kideen aurkako froga guztiak.

San Martin plazako ekitaldia amaitzeko, Bergarako auziperatuen inguruan harresia osatu zuten. Herritarrak lurrean eseri ziren borobilean jarrita eta auziperatuak zutik gelditu ziren erdian; globoak bota zituzten gero. Eta ondoren, trikitilari eta batukadaren atzetik Jose Luis Elkororen etxera joan ziren elkartasuna adieraztera, bertan bertso bat abestu zuten eta ekitaldiari amaiera emateko, Arranon luntxa izan zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak