Jardun euskara elkarteak antzerki tailerrak antolatu ditu

Ane Miren Etxeberria 2013ko urr. 21a, 12:30

Ikasturte honetan helduentzako zein haurrentzako antzerki tailer bana antolatu ditu Jardun euskara elkarteak. Helduentzako antzerki ikastaroa eguaztenetan izango da 19:30tatik 20:30ak bitarte. Taldea osatu bezain laster hasiko da martxan eta ekainera arte luzatuko da.Haurrei zuzenduriko antzerki ikastaroari dagokionez, urriko lehenengo egubakoitzean hasi ziren, baina oraindik ere badago izen-emateko aukera.

Aurtengo ikasturtean helduentzako zein haurrentzako antzerki tailer bana antolatu ditu Jardun euskara elkarteak. Helduentzako antzerki ikastaroa eguaztenetan izango da 19:30tatik 20:30ak bitarte. Taldea osatu bezain laster hasiko da martxan eta ekainera arte luzatuko da. Zurrumurru antzerki taldeko kideak izango dira ikastaroko irakasleak. Antzerki saio hauekin, ahozkotasuna landu, hizkuntza aberastu eta erabilera bultzatzea da. Momentuz, "7 bat lagunek eman dute izena tailerrean eta gutxieneko bat bete behar dugunez saioekin hasteko, herritarrak parte hartzera animatu nahi ditut" adierazi du Maitane Arizabaleta Jarduneko arduradunak.

Haurrei zuzenduriko antzerki ikastaroari dagokionez, urriko lehenengo egubakoitzean hasi ziren, baina oraindik ere badago izen-emateko aukera. 7 urtetik gorakoei zuzendutako tailerra da eta eguakitzero elkartzen dira Zubitxako eskolan. Ordubeteko saioak izango dira, 18:15etatik 19:15etara.

Tailer honen helburua, irudimena eta sormena lantzea izango da eta horretarako gorputza izango da lan tresna nagusia. Jolasa oinarri, umeentzat esperimentazio eta sormen gune ireki bat eskaini nahi dute Zurrumurru antzerki taldekoek, nork bere burua eta ingurua ulertzen laguntzeko. Momentuz dozena bat gaztetxo dabiltza tailerrean oso animoso, "neska-mutiko gehienak 8-9 urte bitartekoak dira eta oso gustura dabiltza. Lotsa galdu eta jolasaren bidez irudimena eta sormena lantzen ari direlako", dio Arizabaletak. Esperientzia hau, iaz ere martxan jarri zuten eta lortutako emaitzekin pozik geratu zirenez, aurten ere deialdia luzatu dute eta aldi berean, helduengana iristeko nahia ere izan dute.

Izen eman nahi duen orok, Jardunera deitu edota bere instalazioetara jo beharko du. Ikastaroen prezioa 12 euro hilean izango da. Bazkideak direnek aldiz, 10 euro ordaindu beharko dute.

Zurrumurru antzerki taldea

Zurrumurru Antzerki Taldea Irati Trebiño, Puy Osés eta Nerea Ariznabarretak osatzen dute eta Eibarren dute taldearen egoitza. Antzerki munduan urteak daramatzate eta adar ezberdinetatik etorri arren Zurrumurruk batu ditu. Bost urte daramatzate ipuin kontaketak, zirko tailerrak eta ume eta helduentzat pailazo ikuskizunak egiten.

Antzerki talde honetako kide baikotzak bere lanak egin ditu aurretik, Puy Oses, Kukubiltxo eta Lurraize konpainiekin aritu izan da. ETBrentzat kolaborazioak ere egin ditu Txirri, Mirri eta Txiribiton eta Horrelakoa da bizitza saioetan. Nerea Ariznabarreta aldiz, gazte-gaztetatik antzerki munduan murgilduta egon da, besteak beste Eric de Bont, Leo Bassi, Virginia Imaz eta Legaleon antzerki konpainiarekin landu du klowna, baina antzerki munduko adar desberdinak landu ditu urteetan zehar. Halaber, Kili-kolo Antzerki taldearekin 10 urtetan zehar antzezlan desberdinetan parte hartu du. Eta Irati Trebiñu, taldeko hirugarren kidea, Kili-kolo antzerki talde amateurrean eman zituen antzerki munduan lehen urratsak, duela 8 urte. Ordutik antzerki munduko adar desberdinak landu ditu, batez ere klowna, Virginia Imaz, Leo Bassi, Legaleon antzerki konpainia, Marcelo Katz, Pablo Ibarluzea eta beste hainbatekin. Bi urtez ETBk bultzaturiko Betizuak A ze Zirkua kale ikuskizunean lanean aritu da pailazo gisa. Horrenbestez, antzerki talde honetako hiru kideak profesionalak eta esperientziadunak direla ikus daiteke, tailer hauek emateko beraz, pertsona aproposak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak