San Joxepekoek atzo ekin zioten kultur hamabostaldiari

Irati Goitia 2013ko urr. 15a, 15:40

Atzo ekin zioten Bergarako erretiratu eta pentsiodunen elkartekoek, San Joxepekoek, kultur hamabostaldiari Jerardo Lekuona apaiz bergararraren hitzaldiarekin. Pozik bizitzearen garrantziaz jardu zuen. Hilaren 26ra bitarte asko dira antolatu dituzten ekitaldiak.

Egitarau zabala osatu dute San Joxepekoek kultur hamabostaldirako. Hain zuzen, Jerardo Lekuona berak ere zoriondu egin zituen elkarteko kideak urtero-urtero antolatzen duten programa landuagatik.

Ekitaldi ugari

Besteak beste, bi irteera antolatu dituzte. Batetik, Urretxuko AIKUR erleen museora eta Zumagarrako Antioko Baselizara joatekoak ziren gaur. Eta bestetik, Gernikako urriko asteleheneko azokara ere joango dira urriaren 21ean, eta ondoren, Mundakako itsasadarra ezagutzera joango dira. Bigarren txango horretarako San Joxepeko bulegoan eman daiteke izena.

Irteerez gain, dantzaldia, hitzaldia, erretiratuek eginiko eskulanen erakusketa, emanaldi musikala eta gehiago izango dute.

Kultur hamabostaldiari bazkari batekin emango diote amaiera urriaren 26an. Honetarako ere eman daiteke izena San Joxepen. Bazkaria San Joxepen bertan dagoen Aitonak jatetxean izango da.

Egitaraua

  • Urriak 16, 17:30ean: Jai ekitaldi kulturala. Dantzaldia eta ogitartekoak izango dira denentzat, San Joxepe elkartean.
  • Urriak 17, 19:00etan: Agustin Unzurrunzagaren hitzaldia: Immigrazioa Gipuzkoan gaur egun. Migel Altuna Institutuko areto nagusian izango da.
  • Urriak 18, 17:30etan: Oñatiko Ikusi-Makusi taldearen eskutik antzerki emanaldia ¿Donde esta la pierna del alcalde? izenburuarekin, Zabalotegi aretoan.
  • Urriaren 18tik 20ra: Bergarako erretiratuek egindako eskulan, margo, argazki, zeramika eta egurrezko artisautza erakusketa.
  • Urriak 21, 9:30ean: Irteera Gernikako urriko azokara eta Mundakako itsasadarrera. Bazkaria Bermeoko Kasino jatetxean izango da. San Joxepen eman daiteke izena.
  • Urriak 22, 19:00etan: Kontu kontalari saioa Virginia Imazekin, Migel Altuna Institutuko areto nagusian.
  • Urriak 23, 15:30ean: Bergarako Lehen Hezkuntzako ikasleen lehiaketa historiko-kulturaleko sari-banaketa.
  • Urriak 24, 20:00etan: Bergarako San Joxepe eta Arrasateko Abaroa erretiratuen abesbatzekin saio musikala, Santa Marina parrokian.
  • Urriak 26, 14:00etan: Bazkaria egingo dute san Joxepeko Aitonak jatetxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak