Elosuko plaza berria jendez eta ganaduz bete du feriak

Ander Larrañaga 2013ko urr. 12a, 16:02

Atzo –barikua– egin zuten Elosuko plaza berrituaren inaugurazioa eta honi hasiera ezin hobea emateko gaur, Pilarika egunean, ospatu da Elosuko feria. Ehunka lagun hurbildu dira goiz osoan zehar, urtero egiten den izen oneko azoka hau bisitatzera: musika, janari eta ganadu artean igaro dute goiza Elosun.

09:00ak aldera hasi da jendea hurbiltzen, oinez, bizikletaz zein autoan. Eguraldi paregabea aprobetxatuta, inguruko jende asko ibili da bueltaka, gehienak bergararrak eta azkoitiarrak.

Kalejira doinuek Elosuko plaza berria busti dute: Napar Sustar kalejira egin dute, Nafarroako Erreinuko banderak eta guzti, Elosuko gazteluraino.

Ganaduzaleek ere bazuten non pasa goiza: zaldi, idi, asto eta behien postuak egon dira bertan. Postu hauek ere txikienendako gustukoenak izan dira. Hala ere, abere kontuak ez dira hortan geratu Mendiko Ganadu Feriako sari banaketa egin baitute. Honako hauek izan dira sarituak:

  • Pirenaika: Antzuolako Irumendi Elkartea.
  • Limousin: Elosuko Aitzederraga baserriko Joseba Lizarralde.
  • Txarolesa: Bidaniako Arretxe baserriko Jose Luis Senperena.
  • Astoa: Elosuko Bega baserriko Santos Oruesagasti.
  • Blonda: Elosuko Bentoste baserriko Mikel Juaristi Kortatxo.
  • Behorrak: Azkoitiako Astondo baserriko Luis Mari Aiastui. Honek ere talde onenaren saria jaso zuen.
  • Monturako behorrak: Elosuko Juan Ignacio Regorigo.
  • Poniak: Azkoitiako Korteta baserriko Luis Alberdi.
  • Bigantxa: Elosuko Agarre baserriko Joma eta Aaron Gabilondo.
  • Gasçoine: Elosuko Pako Badiola.
  • Azokako saltokirik onena: Arkaitz Elkoro eta Nagore.

Plaza berria

17:15ean estreinatuko dute behar bezala plaza berritua proba plazaren inaugurazioarekin. Bertako gehienek adierazi dutenez, plaza oso txukun geratu da, nahiz eta plazako parkeak feriarako leku apur bat kendu duen.

Argazki lehiaketa

Aurten ere berrikuntza batekin etorri dira Elosu auzoko Elur Txiki Jai Batzordea: Elosu Mendiko Ganadu Periko I. Argazki Lehiaketa. Maila xumean egin nahi den ekintza da eta helburu nagusienetakoa da, aurrerantzean, argazki erakusketa bat egitea da lehiaketako argazkiekin.

Argazkiok gaur, Pilarika egunean, ateratakoak izan behar dute eta feria bera gai hartuta hiru argazki aurkezteko aukera izango du parte hartzaile bakoitzak. 70, 50 eta 30 euroko sariak jasoko dituzte hiru onenek ardo ondu kaxa banarekin. Argazkiak era digitalean bidali behar dira urriaren 20a baino lehen, elurtxikielosu@gmail.com helbidera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak