Herrirako atxiloketak salatzeko, hainbat ekimen bihar

Irati Goitia 2013ko urr. 3a, 14:04

Biharko, egubakoitza, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Bergarako Herriratik, asteleheneko atxiloketak salatzeko. Bazkaria eta ekitaldia egingo dituzte, besteak beste, sindikatuek deitutako mobilizazioez gain. Autobusa ere jarri dute zapatuan Bilbon egingo den manifestaziora joateko.

Bergarako Herrirak batzar irekia egin zuen herritarrekin atzo, asteleheneko atxiloketak salatzeko eta horren aurrean nola erantzun erabakitzeko. "25 lagun inguru elkartu gara egin dugun batzar irekian eta bertan erabaki dugu atxiloketak salatzeko egubakoitzean Bergaran zein ekimen egingo ditugun", adierazi zuen Iñigo Arregi Bergarako Herrirako kideak.

Egubakoitzerako deialdiak

Biharko lehen ekimena sindikatuek deitu duten mobilizazioa izango da. 12:00etan egingo dute herriko plazan. Lantokien aurrealdera ere irtengo dira langileak  euskal presoen eskubideen eta konponbidearen alde aldarria egitera, Bergarako Herriratik adierazi dutenez. Ikasle abertzaleak ere plazan egingo den elkarretaratzera batuko dira eta eguerdirako bazkaria antolatu dute plazan bertan. Tabernetan daude izena emateko zerrendak.

Arratsaldean, 19:00etan hasita Txapa irratiak emanaldi berezia egingo du kaletik; zuzenean jasoko ditu atxiloketaren gaineko iritziak. 19:30ean egingo da, baina, ekitaldi nagusia herriko plazan, besteak beste: musikari eta dantzariak izango dira. "Asmoa da guztion artean euskal preso eta iheslarien etxeratzea irudikatzea. Horretarako guztion lana eta parte-hartzea beharrezkoa da. Preso eta iheslarien etxeratzea denon konpromisoa da. Denon artean lortuko dugu", zioen Arregik. Plazak bete ekimenaren baitan antolatu dute arratsaldeko ekimen hori.


Bestalde, bihar kalera kamiseta urdina jantzita irteteko deialdia egin dute Bergarako Herriratik. "Tantaz tanta Bilbo beteko dugun mezuarekin bat egiteko eta Herriraren kolore den urdina kalean ikusi dadin. Eta hala, Bergaran ere preso eta iheslarien eskubideen aldeko itsasoa bilakatu dadin".

Autobusa Bilbora joateko

Bilbon zapatuan egingo den manifestaziorako autobusa ere jarri dute. Izena eman daiteke: Deportivon, Euxebion, Bulen, Pol-Polen eta Arranon. Arratsaldeko 4etan irtengo da autobusa geltokitik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak