Bergaran ere atxiloketak salatzeko protesta ekitaldiak egin dira

Atzo, astelehena, iluntzean giza-katea egin zuten zenbait herritarrek herriko kaleetan Herrira-ren kontrako operazioa salatzeko eta Udal Gobernuak ere salatu egin zituen atxiloketak osoko bilkuran irakurritako adierazpenean.

Errepresioa ez da bidea. Atxilotuak askatu. Euskal presoak Euskal Herrira lelopeko pankartaren atzea egin zuten atzo, astelehena, iluntzean giza-katea erdiguneko kaleetan.

Horren aurretik, baina, batzar informatiboa egin zuten San Martin plazan eta Herrira-ren kontrako operazioaren gaineko xehetasunak eman zituzten; baita datozen egunetan egingo diren mobilizazioen berri eman ere. Horren harira, eguaztenean batzar irekia egongo da Irizar jauregian, 18:00etan. Bertara herriko eragile guztiak daude deituta egubakoitzean, urriaren 4an, egin nahi den 24 orduko ekimen bat antolatzeko. Horrez gain, zapatuan, hilaren 5ean Bilbon egingo den manifestaziorako dei ere egin zuten.

Horrekin guztiarekin batera, atzo ohiko osoko bilkura egitekoa zela-eta, hara joateko gonbitea ere jaso zuten herritarrek Udal Gobernuak Herrira-ren kontrako polizia operazioaren gaineko adierazpena irakurriko zuelako.

Udal Gobenuak ere salatu egin du operazioa

Eta halaxe izan zen. Osoko bilkuraren amaieran, eskaera eta galderen atalean, irakurri zuen Jaione Isazelaia alkateak adierazpena. Hala, "besarkadarik estuena eta elkartasun osoa" adierazi zieten atxilotutako 18 lagunei eta haien senide eta lagunei. Udal Gobernuaren arabera, "presoen eskubideen erreslpetuaren aldeko euskal jendartearen gehiengo zabalaren aldarrikapena kaletik ateratzeko saiakera bat da polizia operazio hau. Euskal presoei dagozkien eskubideen adarria kriminalizatu eta desagerrarazi nahi du estatu espainiarrak", diote.

Uste dute estatu espainiarrak "erabili" egiten duela "presoen auzia, konponbide prozesua blokeatu eta zapuzteko". Eta "euskal presoei ezartzen dien espetxe politika kriminala bakearen kontra" erabiltzen duela ere uste dute.

Isazelaia alkateak bilkuran irakurritakoaren arabera, "Euskal Herria osoaren aurkako operazioa" da "konponbide eta bakearen aurkakoa". Hori horrela, "herri bezala behar du erantzun zabal bezain irmoa".

Horrekin guztiarekin, bi dei nagusi luzatu zituen Isazelaiak: batetik, "deituko diren mobilizazio eta ekimen guztietan masiboki parte hartzea"; bestetik, "presoen eskubideen aldeko aldarrikapena kaletik atera eta kriminalizatu nahi duten honetan, Euskal Herriko kaleak, gure etxeetako balkoiak eta txoko guztiak Euskal presoak eta iheslariak etxera lelodun txartel eta banderolekin betetzea".

Eskaria: Konponbidearen alde urratsak ematea

Jaione Isazelaia alkateak adierazpena irakurri ostean, hitza hartzeko aukera lluzatu zien osoko bilkuren aretoan batutako herritarrei. Eta Herrirako ordezkari batek hartu zuen "salbuezpen egoera bat" delako hau. Atxiloketan "bidegabeak" izan direla salatzearekin batera, "epailearen akusazioak gezurra" direla ere argitu zuen, Herrira-ren ezaugarriak gogora ekartzearekin batera.

Horrekin guztiarekin, udalbatza osoari "konponbidearen alde urratsak" emateko eskatu zien bi eskari zehatz eginda: batetik, "dispertsioarekin amaitzea", eta bestetik, "preso eta iheslariak Euskal Herriratzeko eskaria egitea zuen zuzendaritza organoetan".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.