Begi onez hartu du Bergarak kirolak kaleak hartzearena

Julen Iriondo 2013ko ira. 30a, 00:24

Herritarrak gustura ibili ziren kirol modalitate desberdinak probatzen, Kirola Kalera ekimenaren barruan. 'Euskaraz bizi nahi dut' leloa herrian zabalduz amaitu zen aurretik Ibargarain, pilotalekuan eta Seminarioko jolaslekuan egindako festa.

Frontoian zumba, bosua eta pilates, besteak beste; kanpoaldean gimnasia erritmikoa ere bai. Ibargarai kalean autorik ez eta ze kirol pila: pilota, patinak, hockeya, boleibola... Eta Seminarioan beste hainbeste bai: eskubaloia, saskibaloia –egokitua ere bai–, eskalada, boccia eta abar.

Zerbaitegatik jarri zioten izena atzorako Bergarako Udalak, herriko kirol elkarteek eta Jardunek antolatutakoari Kirola Kalera. Jardunek ere bai, herriko hainbat kale patinetan, bizikletaz eta korrika, euskaraz, zeharkatu zituen lasterketa jendetsu batekin amaitu baitzen jaia.

Itxura polita hartu zuen eguneko azken ekintzak, han batu baitziren goizeko 10:00etatik batean eta bestean, kirol desberdinetan, askotarikoak probatzen ibilitako lagun guztiak.


Egiari zor, goizeko 10:00ak goiz xamar egin zitzaion bati baino gehiagori, eta eguerdira gerturatu ahala joan ziren hiru guneak jendez atontzen: "Lehenengo orduan moteltxoago joan da gauza; ikasi duguna izan da hurrengoan beranduago hasi behar dugula", zioen Iñaki Ugarteburuk, Bergarako Udaleko Kirol teknikariak.

Beraz, hurrengoa izan izango delakoan zen Ugarteburu ekimenaren lehen edizioaren amaieran, helburuak bete izanarekin ziur: "Jendeari erakutsi nahi izan diogu ze aukera dauden Bergaran, eta animatu kirola egitera".

Beste behin ere erakutsi zuen domekan Bergarak herri kirolaria dela, oraingoan modu berezian, hainbat kirol une berean eta ezohiko lekuetan eginez, are kirolariago izateko gogoz: "Ditugun kopuruak oso politak dira, baina hobetzeko aukera badago; beraz, horretan saiatuko gara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak