Bergarar jatorridun gaztea 'La Voz' saioan

Leire Kortabarria 2013ko ira. 28a, 02:00

"Oso urduri baina ilusio handiarekin" dago Idoia Bediaga bizkaitarra, bergarar baten alaba, La Voz talentu-saio ezagunean. Horixe diosku Marije izebak. Abadiñoko 19 urteko gaztea Bergarako Ane Elortzaren alaba da, eta amarekin eta izebarekin agertu zen La Voz-eko aukeraketa-galan. Rosariok eta Orozcok, biek nahi zuten Idoia bere taldean, eta Idoiak Rosario aukeratu zuen coach edo entrenatzaile gisa. 

Rosariok bere ahotsa eta estiloa goraipatu zituen: "Berezia zara. Ez birritan pentsatu, zatoz nirekin! Zure esanetara naukazu", esan zion. Orozcok esan zion "interpretazio bikaina" egin zuela eta "ahotsa oso afinatua" izan zuela. Maluk ere loreak bota zizkion: "Ikusi nuen besteek bira ematen zutela eta erlaxatu egin nintzen".

Amak eta izebak irrintzi batekin eta besarkadekin zoriondu zuten Idoia.

Euskal Telebistan finalista 

"Txikitatik artista bat da, eta familian ere musikari asko izan ditugu", esan digu Marije Elortzak. Tabernetan, antzokitan… abestu izan du Idoiak, eta Euskal Telebistako Kantuan saioko finalera ailegatu zen. La Voz-en aukeraketa bakarra ikusi dugu telebistan, baina aurretik "aukeraketa piloa" pasa behar izan ditu Idoiak. 

Orain etxean dago, eta saiotik deitzen diotenean joan behar izaten du; adibidez, estilismo-probak egitera. La Voz-en bigarren fasean, Las batallas delakoan agertuko da berriz telebistan Idoia. 

Marijek dio gustura joango litzatekeela berriz ilobari lagun egitera. Telecincon "oso-oso ondo" tratatu zituztela diosku: "Oso ondo portatu ziren. Jesus Vazquezekin oso ondo moldatu ginen eta baita Tania Llasera bizkaitarrarekin ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak