Lau atxilotu Bergaran, enpresa batean lapurtzen saiatzeagatik

Goiatz Arana Begiristain 2013ko ira. 23a, 19:28

Atzo –domeka– arratsaldean lau gazte atxilotu zituen Ertzaintzak Bergaran, enpresa batean txatarra lapurtzen saiatzeagatik. Segurtasun-zaintzaileak atzeman zituen atxilotuak, pabiloiko teilatuan. 

19:00ak inguruan izan zen gertaera. Ordu horretan, Bergarako enpresa batean lapurtzen saiatu zirela jakinarazi zioten Ertzaintzari. 

Segurtasun-zaintzaileak ertzainei jakinarazi zienez, enpresako teilatuan hiru gizabanako ikusi zituen, leihoetatik begira, “metal-hondakinen gunean sartzeko” eta, segurtasun-zaintzailea oihuka hasi zitzaienean, ihes egin zuten, zain zuten furgoneta batean; laugarren lagun bat zain zuten, beraz.

Lapurrek erabilitako ibilgailuari buruzko xehetasunak bildu zituzten ertzainek eta, zaintzailearekin hitz egiten ari zirela, gazte batek haiengana jo zuen eta jakinarazi zien enpresako izkina batean giltzatuta zuen bizikleta lapurtu ziotela. 

Handik gutxira, ertzainek furgoneta bat atzeman zuten, San Prudentzio biribilgunean; barruan lapurtutako bizikleta aurkitu zuten, baita delituak egiteko erabilitako hainbat tresna ere. Hori ikusita, furgonetan zeuden lau gizabanakoak atxilotu zituzten, bizikletaren ebasketan eta enpresan lapurtzeko ahaleginean ustez parte hartzea egotzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak