Vanessa Gimbert: "Emakumezkoen futbola asko hazi da, baina bide luzea dugu aurretik"

Mireia Bikuña 2013ko ira. 25a, 02:00

Vanessa Gimbert (Bergara, 1980) Athletic futbol taldeko jokalaria. 19 urteren debutatu zuen Lehenengo Mailan eta ordutik dihardu futbolean. Sevilla, Levante, Rayo, eta Espanyol bezalako taldeetan jokatu ostean, talde zuri-gorriaren eskaintza onartu du. Oraingoz, urtebeterako kontratua sinatu du Lezamako taldearekin, eta "oso pozik" dago.

Aurten bai onartu duzu Athletiken eskaintza. Zergatik?

Une aproposena zela uste nuelako onartu nuen. Urtero-urtero jaso izan dut Athleticen eskaintza, baina aurten arte ezin izan dut onartu. Taldeak fitxaketak egiteko duen filosofia aintzat hartuta, urtero ipini dira nirekin hartu-emanetan, baina beti esan izan dien ezetz. Iazko denboraldia bukatu aurretik ikusi nuen Espanyoleko ibilbidea bukatzear nuela, eta talde zuri-gorriarena onartzea erabaki nuen.

Erabaki ona izatea espero dut. 33 urte ditut eta gauza politak egin gurako nituzke aurten.

Oraingoz Lezama da zure azken geldialdia,  baina ibilbide luzea egin duzu, batez ere Mediterraneo aldeko futbol taldetan.

Kordobara joan nintzen gurasoekin, eta han hasi nintzen futbolean, Montilla  taldean. Andaluziako eta Espainiako selekzioekin jokatu ostean, Levanterekin fitxatu nuen. Lau urte egin nituen han. Gurasoen falta igarri, eta eurengandik gertu egoteko Huelvara joan nintzen futbolean jokatzera urtebetez.

Sevillak mendeurrena bete zuenean, emakumezkoen futbolaren aldeko apustua egin zuten, eta hara joan nintzen. Beste hiru urte egin nituen han. Handik Rayora, eta Bilbora heldu aurretik, beste hiru denboraldi egin ditut Espanyolen.

Ibilbide luzea eta gogorra?

Bai. Ibilbide luzea, hara eta hona ibili naizelako; eta gogorra, gehienetan familiarengatik urrun egon naizelako.

Athleticeko jokalaria zara eta ia egunero Lezaman entrenatu behar duzu, baina, Bergaran bizi zara.

Hala da. Klubak etxe bat ipintzen zidan Lezamatik gertu, beste taldekide batzuekin bizi izateko. Baina Bergaran geratuta, etxekoekin eta lagunekin egoteko denbora gehiago izango nuela erabaki nuen. Egubakoitzetan izan ezik, gainerako egunetan Bergaratik Lezamarako joan-etorria egiten dut.

Zer nolako jokalaria zara?

Zelai erdiko jokalaria naiz. Beti jokatu izan dut postu horretan. Bada, Espanyolen, taldekide baten lesioarengatik zentral postuan jokatu izan dut. Athleticen berriro itzuli naiz zelai erdira.

Eta zein da zure betebeharra?.

Baloia mugitu, zelai erdia antolatu, taldeari lasaitasuna eman… Baina, partidu guztiak ez dira berdinak.

Ligako ondo baino hobeto hasi duzue. Ze helburu dituzue aurtengo denboraldirako?

Iaz azken partiduan galdu zuten liga txapelketa. Aurten goian egon gura dugu: onenekin lehian. Baina, maila honetan lehiatzen diren taldeak oso indartsuak dira. Gizonezkoen lehen mailan taldeak dituzten klubak emakumezkoen taldeak dituzte, eta hori nabariada aurrekontuetan, eta taldeen duten mailan. Gainera, jokalari hobeak fitxatzeko dirua izaten dute. Horrek guztiorrek, mesede handia egiten dio emakumezkoen futbolari.

Maila apalagoa duten taldeek esfortzu askoz handiagoa egin behar dute euren aurrekontua estaltzeko, bidaiak antolatzeko, fitxaketak egiteko...

Ni egon naizen taldetan oso ondo babestuta egon gara.

Liga irabazteko hautagai nagusiak zarete?

Lehian egongo garela uste dut. Beti egon da Athletic goiko lekuetan. Baina, kontrario gogorrak izango ditugu, batez ere, Bartzelona. Beste batzuk izango dira Levante eta Atletico de Madrid. Ikusten duzuen moduan gizonezkoen lehen mailan taldeak dituzten klubak dira.

Nolako bilakaera izan du emakumezkoen futbolak zu zeu hasi zinenetik?

Bilakaera handia, baina ez nahikoa. Asko hazi da emakumezkoen futbola, baina oraindik bide luzea geratzen zaio gizonezkoenarekin parekatzeko. Gehiago esango nuke, ez dira inoiz parez-pare egongo.

Athletica klub profesionala izanda ere, ezberdintasunak baditu. Ondo tratatzen gaituzte, eta Lezamako instalakuntzak oso onak dira, baina emakume futbolariak ezin gara futbolak ematen digunaz bizi. Ikasi edo lan egin behar dugu.

Bestalde, emakumezkoen futbola asko hazi da, egun txiki-txikitatik futbol-eskolatan parte hartu eta nesken taldeak osatzeko aukera dutelako. Ni futbolean hasi nintzenean, mutilekin nahasten gintuzten partiduak jokatzeko. Futbol-eskolek egiten duten lana izugarria da. Txikitatik hasten dira futbola ezagutzen eta segituan nabaritzen zaie.

Lezaman jokatzen dituzue partiduak. San Mames berrian jokatzeko gogoarekin?

Gogoa bai, baina ez dut uste aukerarik izango dugunik. San Mames zaharrean ere ez zuten jokatzen, partidu oso berezia ez bazen.

Lezaman zale asko batzen da gu ikusteko, eta oraingoz, gustura gaude han. Iaz, liga jokoan izan genuen partiduan 30.000 zale egon ziren Lezaman.

Hedabideetan ere presentzia txikiagoa dauka emakumeen futbolak. Lasaiago egoten zarete zuek?

Nazional mailako hedabideetan espazio txikia izaten dugu. Guk zorionez, Bizkaia aldean jarraitzaile asko ditugu, eta horrek hedabideen presentzia handitzen du. Emakume futbolarien izenak oso gutxik ezagutzen dituzte, baina asko gai dira Real Madril edo Bartzelonako hamaikakoa buruz esateko.

Hori da bien arteko ezberdintasun nabarmenena.

33 urte dituzu eta lesioek errespetatu zaituzte. Noiz arte jarraituko duzu futbolean?

Ez dakit [Barre]. Urtebeterako etorri naiz Bilbora. Urteak ematen didana aztertu eta erabakiko dut zer egin ekainean. Gustura nago, indartsu nago eta gogoa badaukat, eta zorionez ez dut lesio larririk izan. Denborak esango du noraino heltzen naizen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak