Bergarako Eskubaloi taldeak hilaren 28an hasiko du liga

Arantzazu Ezkibel Galdos 2013ko ira. 23a, 10:00

Josetxo Muniategi eskubaloi taldeko entrenatzaileak aurreratu du "gogotsu" daudela liga hasteko. Euskadiko txapelketako Soraluce BKE taldeak datorren zapatuan, hilaren 28an hasiko du liga, Labegaraietan.

Denboraldi berriari iazko talde berarekin egingo dio aurre Muniategik. "Lan kontuengatik Alex Lopezek eta Mikel Larrañagak taldea utzi egingo dute", azaldu du. Bi baja horiek ez dituzte kanpoko jokalariekin beteko; beheko taldetik igoko dira jokalariak.

2013-2014 denboraldirako asmo handiak ditu Bergarako taldeak: "Helburua liga lehenengo hiru edo lau postuetan amaitzea izango da", dio Muniategik. "Kontuan hartu iazko lehenengo biak (Askartza eta Arrasateko Ford Mugarri) mailaz igo direla; gu zazpigarren geratu ginen, eta 3.a eta gure artean 4 puntuko aldea besterik ez zen egon", azaldu du.   

Bizkortasuna eta kontraerasoa

Bizkortasuna eta kontraerasoa dira bergararren armak. Horiekin egingo diete aurre aurkariei: "Defentsan pittin bat ondo ibiliz gero ez genuke arazorik izan behar partiduak irabazteko; baina defentsan ahul ibiliz gero kosta egingo zaigu", nabarmendu du. "Gakoa defentsa izango da", gaineratu du.

Euskadiko txapelketan aurrean ibiliko diren taldeak, Bergaraz gain, Usurbil, Egia, Ereintza… izango direla dio Muniategik. "Hala ere, baliteke talderen batek fitxaketaren bat egin izana eta sorpresa ematea", dio.

Etxeko partiduak garrantzitsuak izango dira

Ligan lehenengo postuetan egoteko etxeko partiduez gain, etxetik kanpoko partidu asko irabazi beharko dituztela dio entrenatzaileak. "Labegaraietara jarraitzaile talde polita etortzen da, giro onean. Kanpoko partiduetara ere 10 bat laguneko taldetxoa joaten da".

Basauriren aurkako neurketa arazo barik irabazi beharko luketela dio Muniategik. "Iazko talde bera dute, jokalari beteranoekin eta gazteekin", azaldu du Muniategik. "Denboraldiaurrea erritmo onean hasi dugu, eta gauzak okerrera egiten ez badute behintzat, arazo barik irabazi beharko genuke". Denboraldiaurrean bi partidu jokatu dituzte: Corazonistasen aurka eta Legazpiren aurka (biak irabazi dituzte).

Muniategi gogotsu dago liga hasteko: "Asteroko tentsioa sortu eta goian egonez gero jokalariengan gogoa piztea nahi dut".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak