Bergara kultura eragile ugari dituen herria izan arren, jende guztiak ez ditu guztiak ezagutzen, eta horretarako, sortu dute Kultura Kalean ekimena. Kultura batzordearen barruan adostutako ekimen honekin, "herriko kultura eta ondarea uztartu nahi ditugu" dio Leire Iruin kultura zinegotziak.
Goizeko 11:00 Bergarako erdigunetik egingo duten bisita gidatu batekin hasiko dute eguna. Herritik zehar egingo duten bira pleno aretoan bukatuko da, eta bertan, Bergarako Orkestra Sinfonikoak sokazko kontzertu labur bat eskainiko du.
Horren ostean, kultura herritik zehar zabalduko da. Talde gehienak Ariznoa, Munibe eta San Martin plazan egongo diren arren, zeramika eta taila tailerrak aldiz, euren lokaletan erakutsiko dituzte euren lanak. Goizean zehar gainera, Alai taldeak, Orfeoiak eta Aritzeta abesbatzak emanaldi laburrak egingo dituzte erdiguneko hainbat lekutan.
Eguna borobiltzeko, Musiraka dantza taldeak 13:00etan Irizar jauregiko lorategietan dantza emanaldia eskainiko du. Ordu erdi beranduago, gainontzako taldeen laguntzarekin, txorixo eta salda banatuko dute.
Parte hartzaileen informazioa
Jendeak parte hartzaileak hobeto ezagutu ditzan, talde guztien informazioa batzen duen eskuorri batzuk ere banatuko dituzte. Honela, ikuskizunaz gozatzeaz gain, herriko taldeak euren proiektu eta lanak ezagutzera emango dituzte, "jendeak gure taldea ezagutu arren, pertsona berriak erakartzeko aukera ezin hobea izango da zapatukoa" dio Carlos Etxaniz Orfeoiko lehendakariak. Gainontzeko kultura taldeek ere antzerako iritzia dute.
Kultura kalean ekimen honen lehen edizioa zapatuan izango den arren, udalak eta kultura taldeek irauteko jaialdi bat bezala sortu dute.