Bergarako Sanmartinak, dotore

Goiatz Arana Begiristain 2013ko ira. 16a, 21:29

Jai giroan murgilduta igaro dute asteburua bergararrek eta berdin egin dute gaur, San Martin Agirre egunez ere. Gaua luzatu dutenek sokamuturrarekin ema diote ongi-etorria egun handi honi, eta gainontzekoak ere kalean ziren eguerdi alderako. Jende asko batu du Udal Musika Bandaren kontzertuak, eta berdin arratsaldean egindako haur danborradak ere.

Sokamuturrarekin hasi dute gaurko eguna bergarar batzuk; beste batzuentzat, bart gaueko parranda luzatzeko modua izan da. Dela modu batera edo bestera, jende asko batu da San Martin plazan, gehienek bigantxak hesiaren beste aldetik ikusi badituzte ere; bigantxak zizatzera ateratakoak nahikoa izan dira ikuskizun polita eskaintzeko.

San Pedro elizak festetako meza nagusia hartu du gero, meza berezia aurten, gainera. Eta mezatik irten bezain pronto, jaietako hitzordu klasikoetako baten unea iritsi da: Udal Musika Bandaren kontzertua. Plaza jendez bete da emankizun horretarako.

Arrakasta izan du arratsaldean egindako haur danborradak ere, nahiz eta euriaren beldur izan diren zenbait momentutan. Arrazoi horregatik, hain juxtu, apur bat lehentxeago hasi da eta ohi baino bizkorrago osatu dute ibilbidea. Zorionez, baina, tanta batzuk baino ez dira erori. Jende askok jarraitu ditu txikien doinuak herriko kaleetan barrena eta, behin bukatuta, merienda izan dute parte-hartzaileek: txokolatea bizkotxoekin.

Iluntzean Jainaga eta Narbaizarekin dantza egin eta gauean suzko erruberak bota ostean, agur aurtengo sanmartinei!

Asteburu emankorra

Ostirala ezkero ari dira bergararrak San Martin jaiak ospatzen, eta jende ugari animatu da ekintza ezberdinetan parte hartzera.

Azoka da jaietako hitzordu garrantzitsuenetakoa eta zapatuan egin zuten. Aurten, Alde Zaharra bilakatu da feriaren bihotza, eta San Martin eta Munibe plazak herritarrez bete ziren modu horretan. Salerosketarako gunea ez ezik, lehiaketa-gune ere izan zen azoka.

Barazki lehiaketan 20 postuetatik onena Martuteneko Jose Manuel Zabalegirena izan zen; atzetik, Tomas Larrañaga antzuolarra eta Esosi Etxebarria soraluzearra izan ziren. Fruta lehiaketak, aldiz, zortzi parte-hartzaile izan zituen. Igorreko Urtzi Sarrionaindiak eraman zuen 1.go saria etxera; Kontxi Izagirre antzuolarrak, bigarrena; eta Sonia Isasi Igorrearrak, hirugarrena.

Konplexuagoa izan zen gazta lehiaketa: 32 gazta dastatu zituen epaimahaiak eta parekatuta egon zen sailkapena. Azkenean, baina, Zeanuriko Jon Etxeberriak lortu zuen aurtengo sari nagusia, ketutako gazta batekin.

Bestalde, 20 urte baino gehiago azoka antolatzen lan egin ostean, Regino Valle, Felipe Altuna eta Carlos Arrondo omendu zituzten zapatuan. Arrondok pozik hartu zuen omenaldia, baina jende berriaren premia ere azpimarratu zuen. 

Bestelakorik ere izan da asteburuan, ordea: lehiaketa ezberdinak egin dituzte, dantza solte, xake zein margo lehiaketak, esate baterako; erraldoi, kiliki eta buruhandien kalejirak ere kaleak girotu zituen; herritarrek Larrain Dantzaz disfrutatzeko aukera izan zuten; txomingeroek bazkari herrikoia egin zuten zapatuan; eta domekari amaiera emateko, helduek danborrak astindu zituzten.

Ez da girorik falta izan asteburuan Bergaran. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak