Duela 25 bat urte Bergarako Erdabide anaiek Vespa talde bat sortu zuten: "Etxean beti izan gara motorzaleak". Haien aitak Vespa zahar bat zuen eta anaiak gazteak zirela Idurixora egiten zituzten bidaiak gogora ekarri ditu Jabi Erdabidek: "Sei pertsona joaten ginen: aurreko gurpilean bat, bestea zutik, aita gidari... beste garai batzuk ziren".
Urte batzuk geroago, Jaime Erdabidek erosi zuen lehen Vespa, eta, ondoren, anaiek ere gauza bera egin dute. "Ez da talde itxia, baina, hasieran anaiok sortu genuenez, abizena jartzea otu zitzaigun", dio Erdabidek. Ikusgarria da zortzi Vespa bata bestearen atzetik ikustea: "Pasadizo ugari daukagu; Lizarran, adibidez, udaltzainen laguntza izan genuen herriko kaleak zeharkatzeko".
Eguneko irteerak
Domeka goizak motor gainean igarotzeko ohitura hartu dute: "Astero bueltatxo bat ematen saiatzen gara". Ez dira ibilbide luzeak izaten eta aitzakia horrekin Euskal Herriko txoko asko ezagutu dituzte. "Beti eskualde-errepideetatik joateko ohitura dugu". Dena den, duela urte batzuk, Bergaratik irten eta gero, Orreagara joan eta Santiago bidea Vespa gainean egin zuten taldeko kideek.
Agenda kontuengatik motor kontzentrazioetara joaten ez diren arren, Elgetako bilkuran Vespa-zale ugarirekin egiten dute bat.
Vespa eta Lambrettak batera?
"Elgetakoa berezia da, bi motorren zaleok elkartzen gara-eta". Hala ere, bi zaleen arteko pikea historikoa da. "Ez naiz auzi zahar horretan sartuko", dio Erdabidek. "Hala ere, kartela ikusi eta bertan ikusiko duzu zein den motorrik onena", dio, barrezka.