San Martin jaiak ate joka dituzte bergararrek

Txomin Madina Milikua 2013ko ira. 12a, 22:17

Bergararrek gainean dituzte dagoeneko San Martin jaiak, eta aurten, hainbat berrikuntza topatuko dituzte bertara doazenek. Azoka adibidez, berrantolatu egin dute alde zaharretik gertuago egoteko. Azokaren egunean bertan gainera, Larrain dantza saioa ere egingo dute.

San Martin jaiak ospatuko dira asteburuan eta ez datoz berrikuntza gutxirekin. Ekitaldi ia guztiak zapatutik astelehenera bitartean izango diren arren, data hauetan Moises Aspiazuren omenez egiten den Bikote Nagusiendako 29. Dantza Solte txapelketa, bihar, egubakoitza, jokatuko da. 19:00etan izango da, Udal pilotalekuan, Moiazpi dantza elkarteak antolatuta eta 13 bikotek hartuko dute parte –bergararrik ez dago.

Feria berrantolatuta

Etzi, zapatua, bete-betean murgilduko gara jaietan. Ohi bezala, barazki, fruta eta gazta lehiaketa irekiko dute 10:00etan, berrikuntza nabarmen batekin, gainera; postuen antolaketa berria. Hain zuzen, Seminarioan ez da posturik jarriko eta han ordez, Ariznoa eta Monzon plazetan jarriko dira. Hain zuzen, San Martin eta Munibe plazetan, lehiaketan parte hartuko duten fruta eta barazki postuak egongo dira; gazta lehiaketako postuak Munibe plazan jarriko dituzte; eta Monzon eta Ariznoa plazetan baserriko produktuen gainerako postuak egongo direla aurreratu dute Udal arduradunek. Urtero jartzen diren bi txosnei dagokienez, herriko harategietako odolosteen txosnak San Martin plazan jarraituko du, baina taloena, Ariznoa plazara lekualdatuko dute.

Antolaketa berriarekin Alde Zaharrari bultzada eman nahi diote Udaletik. "Indarberritzeko beste ahalegin bat" dela azaldu du Maren Belastegi zinegotziak.

Egindako lana eskertuko diete

Regino Vallek, Carlos Arrondok eta Felipe Altuna omendu egingo ditu Udalak zapatuan. San Martin feria antolatzen 20 urtetik gora daramate eta Udalak egindako lana eskertu nahi die. Omenaldi 13:30eko barazki, fruta eta gazta lehiaketetako sari-banaketa ostean izango da San Martin plazan. Aurreskua, alkatearen esker hitzak eta plaka oroigarria jasoko dituzte.

Sutegiak eta Larrain dantza

Berrikuntzen artean, zapatuko Txomingeroen bazkarirako sutegiak laga ditu Udalak urteroko mahai eta bankuekin batera, bazkaria Irala kalean prestatu nahi dutenendako. 160 lagunendako lekua egongo da, norberak eroan behar du bazkaria, eta 14:30ean hasiko da.

Larrain datza da aurtengo beste berrikuntzetako bat. Hori ere zapatuan izango da, 19:30ean San Martin plazan eta interesa duten herritar guztiek har dezakete parte.

Danborradak

Nagusien danborradan –domekan, 22:30– ere badira nobedadeak. Nagasaki doinua ekialdeko koreografiaz lagunduta egingo da, bere garaian hala estreinatu zelako. Horretarako, Peter Pan musikaleko koreografo eta dantzariaren laguntza izan du Udalak: Eibarko Irene Hernandorena. San Martinen errepresentazioa ere egingo da, iaz bezala. Umeen danborrada astelehenean izango da, 18:30ean.

Gaztetxeko egitaraua

Zapatuan, 00:00etatik aurrera sasi DJ txapelketa egingo dute.Txapelketan apuntatzeko ez da ezer berezirik behar, musika pendrive batean eroatearekin eta gaztetxeko kortxoko zerrendan izena ematearekin nahikoa da. Gauaren amaieran sari banaketa egongo dute. Domekan, DJ Crazy Palmera egongo da eta astelehenean, berriz, bandako kontzertura joateko dei egin dute "Gaztetxeruntz martxari jarraipen berezia" egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak