35/02 auziko epaiketa salatu dute Bergarako Artatse elkartean

Miren Arregi Amasorrain 2013ko ira. 11a, 15:36

Urriaren 17an hasiko den 35/2002 epaiketa salatu dute Bergarako Artatse elkartean. 'Herriko tabernen' auzia moduan ezagutzen den horretan, 37 lagun eta 110 herriko taberna epaituko dituzte ETA finantziatzea egotzita. Diote, lan politiko eta sozial hutsa egiteagatik epaituko dituztela pertsona horiek guztiak. Bestetik, herritarrei dei egin diete San Martin jaietan salaketarekin bat egin dezaten, eta kalera laranja kolorez jantzita atera daitezen.

Artatse elkartea erantzule zibil bezala Entzutegi Nazionalera deitzen duen zitazioa esku artean eta laranja kolorez jantzita, urriaren 17an hasiko den 'Herriko tabernen' auzia izenez ezagutzen den 35/02 epaiketa salatu dute. HBko, Batasunako eta EHko 37 lagun epaituko dituzte sumario horren barruan, baita 110 herriko taberna eta elkarte ere. Hala, Artatse, beste hainbat herriko taberna eta elkarterekin batera ateak itxi arazteko arriskuan dago.

Agerraldian salatu dute, bake eta konponbiderako bidean oztopo larria direla udazkenean hasiko dituzten makroepaiketak, tartean, 35/02 sumarioarena. Eta, gogoan izan dituzte euskal herritik urrun dauden euskal herritarrak; bereziki gogoan Jose Luis Elkoro bergararra. Gogoratu, Elkoro ez dutela herriko tabernen auzian epaituko.

Asteburuan ospatuko diren San Martin jaietan ekimenak egingo dituzte makroepaiketa salatzeko; esaterako, herritarrei dei egin diete kalera laranja kolorez jantzita ateratzeko. Zapi eta kamiseta laranjak Arrano tabernan egongo dira salgai baina laranja den edozerk balioko du ekimenarekin bat egiteko. Horrekin batera, epaiketaren kostuei aurre egiteko txozna ipiniko dute eta bonoak ere salduko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak