Hil zuten leku berean, omenaldia Angiolillori

Txomin Madina Milikua 2013ko ira. 7a, 18:21

Bergarako Gaztetxeak, Angiolillo liburutegiak eta CNT sindikatuak anarkista italiarra omendu gura izan dute Gaztetxean. CNT-koek plaka bat jarri dute, eta Aittor Arantzabalek idatzitako liburuaren bigarren edizioa muntatzen ere ibili dira.

1897an bertan hil zuten Michele Angiolilloren omenaldia dela eta, egun berezia ari da izaten gaurkoa Bergarako Gaztetxean.

CNT sindikatukoek Angiolilloren omenezko plaka bat ezarri dute bere gela izan zenaren kanpoko paretan, eta eguerdian, Sestaoko Txalaparta Eskolakoen txalaparta doinuek hasi eta amaitu duten omenaldi ekitaldi egin dute. Bertan, Angiolillo liburutegiko Aser Polvorosak eta CNT sindikatuko Xabier Erauskin eta Alberto Garciak hartu dute hitza.


Polvorosak egun hau antolatzearen arrazoiak azaldu ditu: "Gaur bi proiektu elkartu dira: CNT-koek Angililloren omenezko plaka bat jarri gura zuten, eta guk, Angiliollori buruzko liburuaren bigarren edizioa auzo lanean egitea".


Xabier Erauskinek bestalde, Angiolilloren figuraren gaurkotasuna aldarrikatu du: "Arrasatera eta Bergarara ekarri zuten ideiek indarrean jarraitzen dute: esan ohi da Kubako sarraskiarekin eta Montjuiceko torturekin amaitu gura zuela. Gaur egun Espainiko Erresuman torturatzen jarraitzen da, eta  Sirian gerra hotsak entzuten dira. Bere motibazioek eta ideiek izan dute jarraipenik, eta izango dute. Gainera, bere garaiko elite ekonomiko eta politikoen  inperialismo eta diru nahiek ere jarraitzen dute". Alberto Garciak bere aldetik, Angiolilloren figura historikoari buruzko azalpenak eman ditu, eta esan du bere inguruko datu eta esan oker ugari daudela. 

 300 ale gehiago

Ekitaldiaren eta bazkari beganoaren ostean Aittor Arantzabalek Angiolillori buruzko liburuaren bigarren edizioa izango dena muntatu dute: lehenengoko edizioa osatzen duten 260 aleak agortuta, 300 gehiago egitea zuten asmoa. Bigarren edizio honek gainera badu material gehigarririk: "Euskara aldetik hobetu egin dugu, eta Koldo Izagirreren poemak poemak, Fly Shit taldearen bi abesti eta liburuaren historia jasotzen duen testua ere sartu ditugu bigarren edizio honetan" esan du Aser Polvorosak.

Iluntzeko kontzertuek emango diote amaiera egunari. Ez dirudi baina azkena izango denik, Polvorosaren esanetan datorren urtean ere egin gura dute-eta: "Aurten CNT-k, Bergarako Gaztetxeak eta Angiolillo liburutegiak antolatu dugun arren, zerbait zabala izatea nahiko genuke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak