Emandakoaren zati txiki bat bueltan

Julen Iriondo 2013ko ira. 7a, 02:00

Irailaren 1ean (domeka) Legazpin ospatutako Gipuzkoako Artzain Egunean jaso zuten Joxe Mari Osa eta Argi Osa senar-emazte bergararrek omenaldia, bizitza ardiekin lanean pasa izanagatik.

Murinondo auzoko Larrañaga Haundi baserrikoak –Argi itziartarra, izatez–, haien ardiek Aretxabaletako Ugastegi auzoan –eta handik gora lehen, Degurixan eta Kurtzebarrin– ematen dute uda sasoia. Iaz arte, gainera, oinez egiten zuten ardiek, Zubillagatik buelta, harainoko bidea.

"Hori da ardiaren izatea", dio Joxe Marik, bere hitzei animaliokiko miresmen kutsua emanez, zera gehitzeko: "Haiek ondo zekiten bidea, ez pentsa; zu okerretik joan arren, haiek ez, haiek euren bidetik"; eta ahoan barrearekin kontatu digu azken aldiz ardiekin Bergarara oinez itzuli zirenekoa, bideez gain besterik ere ezagutzen bai baitute ondo ardiek: "Perretxiko asko irtenda zegoen udazkenean; guk jan ohi ditugunak denak jan zituzten; baina bat bazegoen txarra, eta esan nion errainari: 'Hori ez dakit ba jango ote duten'. Ezta jan ere!".

Ardien abileziak horiek; baina Joxe Marik eta Argik ere izan dituzte eta badituzte eurenak: batek baino gehiagok deitzen ei dio, adibidez, Joxe Mariri, ardiari erditzen laguntzeko, "esku txikia" duelako, eta halakoa komeni zeregin horietarako.

Eskua gazta egiten ere izan du Joxe Marik: "Lehen egitea zen zaila; behin eginda berehala saltzen ziren", dio, azalduz gaur egun egitea dela errazagoa, baina osasun alorreko baldintzak betetzeak eskatzen duela lan handiagoa. Garai baten bestelakoen bermea izaten zuen osatarren esneak. Argik 30 urte egin zituen Bergaran eta Arrasaten saltzen. Hainbat farmazialarik erosten omen zioten; aztertu eta "oso ona" zela esaten zioten beti.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak