Angiolillori omenaldia zapatuan Bergaran

Imanol Beloki Unamuno 2013ko ira. 5a, 18:43

Dena prest dute Bergarako gaztetxean zapaturako. 12:00etan hasiko dute ospakizuna omenaldiarekin eta, hori amaitzean, bazkari beganoa egingo dute. Angiolillo liburuaren bigarren edizioaren muntaketa herrikoia eta azkenik kontzertuak egongo dira gero. Horrez gain, egubakoitzerako hainbat ekintza ere antolatu dituzte Gaztetxekoek. Ikasturteko lehen gazte asanblada, AHTaren aurkako hitzaldia eta tartalarien afaria.

Bergarako Gaztetxeak, CNT -k eta Angiolillo liburutegiak prest daukate zapaturako egitaraua Angiolilloren omenaldirako. 12:00etan hasiko da omenaldia eta beste hainbat ekintzekin jarraituko dute eguna. Eguerdian, bazkari beganoa egingo dute. Bost euro ordaindu beharko dira eta interesatuak aurrez apuntatu behar dira gaztetxeko kortxoan edota 680810109 telefonora deituta. Bazkariaren ondoren, Angiolillo liburuaren bigarren edizioaren muntaketa herrikoia egingo dute 16:00etan. Amaitzeko berriz, dohako kontzertuak egongo dira Sin eta Azkaiter Pelox Jam Band- en eskutik.

Angiolilloren mendekua

Michelle Angiolillo anarkista italiarra historiara pasa zen 1897ko abuztuaren 8an Espainiako lehen ministro Antonio Canovas del Castillo hil zuelako. Angiolillok, Arrasateko Santa Agedako bainuetxean hiru tiro eman zizkion Canovasi eta hilketa egin eta gutxira izan zen atxilotua. Bergarara eraman zuten, bertan epaiketa egiteko eta garrotean hil zuten abuztuaren 20an, gaur egun gaztetxea dagoen tokiko sarreran.

Angiolilloren figura aztertu duten ikertzaileen esanetan, mendekuak eraman zuen Angiolillo Canovas del Castillo hiltzera. Izan ere, gobernuak hainbat anarkista hil zituen; beste askori biziarteko kartzela zigorra ezarri zien; eta Angiolilloren hainbat alderdikide erbesteratu zituen, 1896ko ekainaren 7an Bartzelonan egindako atentatuan kolaboratu izanaren akusaziopean. Corpus prozesioa pasatzen ari zen atentatu hori egin zutenean; bonba batek eztanda egin zuen eta, ondorioz, 12 pertsona hil ziren eta beste hainbat zaurituak izan ziren.

Egubakoitzean, beste hainbat ekintza

Angiolilloren omenaldia zapatuan izango da, baina aurretik hainbat ekintza prestatu dituzte gaztetxekoek:
  • 17:00etan ikasturteko lehen gazte asanblada egingo da Bergarako kartzela zaharrean eta proiektuan parte hartu nahi duen orori irekia egongo da.
  • 19:00etan AHTren aurkako desobedientzian oinarrituta egindako ekintzei buruzko hitzaldia egongo da, Yolanda Barcinari tartakadak emandako ekintzaileen egoera penala ezagutaraziko da eta Mugitu mugimenduaren ekintzak jasotzen dituen ikus-entzunezko laburra proiektatuko da.
  • 21:30ean, Tartalarien afaria ospatuko dute. Afaltzeko ez da aurrez apuntatu behar; hitzaldian bertan abisatu beharko da. Afariko dirua ekintzaileen kostu judizialetan laguntzeko bideratuko da. Gainera, Tartalarien afarian sorpresak egongo direla adierazi dute, eta bertaratzeko eskaera egin dute antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak