Bergarako bi aberastasun uztartuta: musikazaletasuna eta gune berdeak

Ubane Madera 2013ko abu. 9a, 15:09

Musikazaletasuna eta udalerriko gune berde ederrak uztartu eta ekimen berezia antolatu du Bergarako Udalak datozen asteotarako: bi kontzertu bertako bi parketan. Modu horretan, herrian eta inguruan geratzen direnei eta bisitariei aisialdirako eskaintza egiteaz gainera, Bergarako lorategi eta gune berdeen garrantzia aldarrikatu eta balioan jarri gura dute.

Izan ere, herri mahoneroan badira aintzat hartzeko moduko lorategi eta parkeak. Hiru dira nabarmenenenak: Irizar, Errekalde eta Untzeta.

Irizar: XVII. mendeko lorategia da. Diseinu retroa izateaz gainera, ezaugarri nabarmenenetarikoa du bere garaian lorategi bilakatu zen lehenengo gune berdea izan zela Bergaran. Sasoi hartan ohikoa zen-eta etxe ondoan lorategia barik ortuak izatea.

Errekalde: XIX. mendekoa da. Nabarmentzekoak dira bertako landare eta zuhaitzak, baina bereziki zela dauden eraikitan ura eramateko bideak.

Untzeta: hau ere XIX. mendekoa da. Hasieran demasekoa zen, bi hektarea zituen-eta, baina gaur egun errepideak erdibituta dago.

Horrekin batera, Munibe plazaren atzean dagoen XX. mende hasierako lorategia ere aipagarrien artean dago. Horren erakusle da haren garrantzia eta ezaugarriak batzen dituen panela dagoela Munibe plazan bertan jarrita.

Himalaiako zedroa

Eta beste gune berde batzuk aipatzearren, hortxe dugu Usondo parkea, Deba ibaiaren ondoan (argazkikoa). Parke horretan dauden zuhaitzen gaineko liburuxka bat argitaratuta du Bergarako Udalak. Berorrek azaltzen du, adibidez, zela Usondo parkean badagoen Txile eta Argentinako Andeetan jatorria duen araukaria bat; baita munduko zuhaitz zaharrena ere, Gingko Biloba izena duena, edo Himalaiako mendebaldeko basoetan jatorria duen zedro bat ere bai, besteak beste.

Bergarako gune berdeen errepasoa bukatzeko, Mariaren Lagundiko lorategia edo Komenio kalean dagoen magnolioa ere badira kontuan hartzeko modukoak.

Monumentuek beste balore

Bada, hori guztia ezagutarazi eta balioan jartzeko lanean dihardute Bergarako Udalean aurrera begira. David Zapirainek, bertako Turismo teknikariak jakinarazi duenez, helburua da harriez osatutako eraikin eta bestelako monumentuen parera ekartzea bertako gune berdeen balioa. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak