Banakoa Agorrosinen, Sanse eta Eibarren artean

Imanol Beloki Unamuno 2013ko abuztuaren 8a

Irabazi ezinean segitzen du Eibar taldeak aurredenboraldian; izan ere Bergarako Agorrosin futbol zelaian jokatu zuen azkenaurreko partiduan ere ezin izan zuen Sanse mendean hartu, eta banakoarekin itzuli ziren armaginak Eibarrera. Partiduan agerian geratu zen, gainera, Sanseren nagusitasuna. 500 bat lagun izan ziren partidua ikusten.

Euripean eta harmailen aterpean babestu ziren 500 bat ikusleren aurrean hasi zuten atzo partidua Sansek eta Eibarrek, Agorrosinen. 30. minutuan iritsi zen lehen gola, Eibarko Albentosa jokalariaren eskutik (aurtengo denboraldirako egin duten azkeneko fitxajeetako baten eskutik) korner baten ostean. Eta eibartarren abantailarekin joan ziren atsedenera Gipuzkoako bi futbol taldeak.

Baina Abu Diarrak erdietsi zuen banakoa Sanserendako, partiduaren 52. minutuan. Hain justu ere, Eibartik Sansera aurtengo udan bertan joan den Maliko jokalaria izan zen Sanserendako golegilea.

Eta bidezkoa izan zen gola, izan ere, Sanseko jokalarien gaztetasuna handia izan arren, zelaian ondo kokatuta jokatu zuen Bergaran, eta hobeto erabili zuten baloia txuri-urdinek.

Antolatzaileak, gustura

"Partidu polita izan da. Asko gozatu dugu. Eta pozik gaude, baita ere, etorri den jendearekin. Hasieran ez zetorren inor, ez zetorren inor eta urduritu egin ginen, baina partidua hasi baino apurtxo bat lehenxeago agertu ziren ia guztiak. Eguraldiak ere lagundu egin zigun; izan ere, eguraldi ona egin izan bazuen jende asko kanpoan ibiliko zen", adierazi du Pedro Ricok, Bergara futbol taldeko presidenteak.

Jessica Buenoren "bila"

Hark kontatu du, baita ere, kotilleorako tartea ere izan zela atzokoan, Eibarko jokalari batekin (Jota Peleteiro) dabilen Jessica Buenoren kontura. "Etortzen zen edo ez, begira ibili ginen. Baina badirudi Sevillara joanda zela, semearen bila. Katxondeo apur bat izan genuen, bai", dio Ricok, barrez.

Bergarako torneoa, abuztu amaieran

Bestalde, Bergarako futbol taldeko presidenteak abuztuaren amaieran jokatuko den Bergarako Torneoan izango diren partiduak gogora ekarri ditu: abuztuaren 30ean Bergarak Antzuola hartuko du; 31n Mondra eta UDA izango dira aurrez aurre. Eta irailaren 1ean, berriz, finala jokatuko dute. Partidu guztiak 18:30ean jokatuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak