Lapurretan egiteko modu berria, Bergaran

Ubane Madera 2013ko abu. 7a, 16:40

Ertzaintzak jakinarazi du asteotan lapurretan egiteko modu berria atzeman dutela Gipuzkoako hainbat udalerritan, tartean, Bergaran: hezetasunak edo intsektuen izurriteen kontrolaz arduratzen diren langile moduan aurkeztu eta etxe barrura sartzea lortzen dute 40 bat urteko azal zuridun bi gizonezkok; behin barruan, balio handiko objektuak edo bitxiak lapurtzeko aprobetxatzen dute.

Poliziak emandako xehetasunen arabera, hezetasunak edo intsektuak daudela ikuskatzeko aitzakiarekin, etxebizitzako hainbat geletara sartzen dira lapurrak; aldez aurretik adierazten dute etxe barrutik bertatik (komunitatetik) jaso dutela etxebizitzak ikuskatzera joateko eskaera.

Behin etxebizitza barruan daudela, hainbat neurketa egiten dituzte, lanean egongo balira moduan, eta biktimen deskuidoa aprobetxatzen dute bitxiak zein tamaina txikiko gauza baliotsuak lapurtzeko.

Bergaraz gainera, Urola Kostan ere atzeman dute lapurretan egiteko modus operandi berri hori. 40 bat urte dituzten azal zuriko bi gizonezko dira susmagarriak.

Edozein zalantza, deitu 112ra

Gauzak horrela, kontu handiarekin ibiltzeko gomendatu gura die Ertzaintzak bizilagunei; auzokoak ez diren pertsonak zaintzeko; ezezagunei edo norbere identitatea egiazta ezin dezaketenei etxe barrura sartzea galarazteko, eta edozein zalantza izanez gero, 112 telefonora deitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak